Eneko Atxa, Itziar Ituño, Roberto Moso eta Esti Urresola, Euskaraldiaren hamaikakoan

Euskaraldiaren hamaikakoa
EUSKARALDIA
Actualizado: jueves, 7 noviembre 2024 12:22

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute ostegun honetan Bilboko Bidebarrieta kulturgunean egindako agerraldian, eta komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako herritarrekin osatu dute ekimenaren enbaxadore taldea. Horien artean daude Eneko Atxa Azurmendi sukaldaria, Itziar Ituño Martinez aktorea, Roberto Moso Gil komunikatzailea edota Esti Urresola Solaguren zinemagilea, besteak beste.

Agerraldian azaldu dutenez, lehen edizioan bezala, talde anitza osatu dute, "inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez" ariko den taldea, hain zuzen ere, eta aipaturiko lauekin batera, Oihana Azkorbebeitia Urizar mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea Zabalza musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia del Rio idazlea, Eneko Garcia Jaurena 'Albina Stardust' trabestia, Ana Goitia Erkiaga kazetari, aurkezle eta umoregilea, Zibel Untsain Damestoy dantzaria eta Mikel Urrutikoetxea Azkueta pilotaria daude Euskaraldiaren hamaikakoan.

Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, enbaxadore diren heinean, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea egingo diete. Laugarren edizioaren leloarekin bat eginez -'Elkar mugituz egingo dugu'-, hamaikakoa osatzen duten lagunek erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak.

"Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko", azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Izan ere, ariketaren koordinatzaileek argi dute Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko testuingurua eskaintzen duela, baina testuinguru hori baliatuko duten herritarrak aktibatzea behar-beharrezkoa dela. "Eta horretarako, Euskaraldia zabalduko duten pertsonak dira giltzarria. Gaur hemen bildu diren hamaika lagun hauen moduko pertsonak", gaineratu du Urkijok.

Hamaikakoaren izenean, Eneko Garciak eta Esti Urresolak hartu dute hitza, eta taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbitea "ilusioz eta erantzukizunez" jaso dutela adierazi dute. "Euskaraldian parte hartuko dut nire burua modu kontzientean euskara gehiago erabiltzera behartzeko, eta enbaxadore naizen aldetik, erabaki hori besteekin partekatzea, eta haiek ere parte izatera gonbidatzea, ederra iruditzen zait", azaldu du Garciak.

Urresolak, bere aldetik, Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi izan du: "Ariketaren jatorria Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du".

ZERGATIK ETA ZERTARAKO

Euskaraldiaren hurrengo ariketa 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da, hau da, lehen aldiz udaberrian. Edizio berrian, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. "Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta", azaldu du Urkijok.

Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak honako hauek dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.

"Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan eta ulertzen gaituzten guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu", azpimarratu du Urkijok.

Izan ere, Euskaraldiaren helburua da euskararen erabileran eragitea, euskara gehiago entzun dadin Euskal Herri osoko txoko eta bazterretan. Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen, eta ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute www.euskaraldia.eus webgunean.

Contador