Eroskik Euskaraldiarekiko konpromisoa berritu eta ekimenarekin bat egin du

Kike Amonarriz, Iñigo Eizagirre eta Jasone Mendizabal.
EROSKI
Actualizado: jueves, 10 noviembre 2022 11:11

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Eroskik eta Euskaraldiak lankidetza hitzarmena izenpetu dute eta, atxikimenduaren bitartez, kooperatibak ariketa sozialarekin duen konpromisoa berritu eta bigarren aldiz egin du bat euskararen erabilera sustatzeko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ekimenarekin.

Horrela, Eroskik Euskaraldiaren banderatxoak ditu salgai Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako denda sarean, eta salmentarekin bildutako dirua osorik izango da Euskaraldiaren antolakuntzarentzat. Antolatzaileek jendea animatzen dute bandera horiekin "kaleak, balkoiak eta eskaparateak apaintzera, hizkuntzarenganako atxikimendua eta aldekotasuna agertzeko", Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak Kike Amonarrizek esan duenez.

Bestalde, Eroskiko zuzendari sozial Iñigo Eizagirrek adierazi duenez, "Eroskik konpromiso sendoa eta jarraitua izan du euskararen zabalpenean. Kooperatiba sortu zeneko aktan euskararen koofizialtasuna jasotzen da, eta hala bultzatu izan dugu langileok eta kontsumitzaileek arlo guztietan. Era berean, zenbait ekimen garatu ditugu bezeroekin, langileekin eta hornitzaileekin dugun harremanean euskara normalizatzearen alde".

Eroskik ekimenak eta proiektuak lantzen ditu ingurune elebidunak lortu eta erakunde barruan euskararen erabilera handitzeko, hala nola Euskara Plana. Kooperatiba aitzindaria izan zen bere markako produktuei euskarazko etiketa jartzen, eta banaketa arloko enpresetan hori egiten duen bakarra da gaur egun ere.

Partaidetza indibidualaz gain, aurten, Euskaraldiak berriz proposatuko du ariketa taldean ere egitea, ariguneen bidez. Ildo horretan, Eroskik bat baino gehiago eratu ditu bere dendetan, plataformetan eta egoitzan, langile bazkideek beren borondatez ekimenarekin bat egiteko modua izan dezaten eta lan eremuan ere ariketa masiboa burutzeko aukera izan dezaten.

Era berean, Eroskik aspaldiko urteetan laguntzen du Durangoko Azokan, eta Gerediaga Elkartearekin bost urterako hitzarmena sinatu zuen iaz. Ildo berean, hezkuntzaren sektorean euskara sustatzen duten jarduera nagusiekin kolaboratzen du lurraldez lurralde (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez).