Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatuko dute apirilean UEMAk eta hainbat erakunde publikok

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatuko dute apirilean UEMAk eta hainbat erakunde publikok
UEMA
Actualizado: martes, 25 marzo 2025 9:51

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarriko dute martxan apirilaren 1etik UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.

UEMAtik jakinarazi dutenez, 2024ko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainari ekingo diote Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilarekin batera.

Bada, horiekin bat eginez, UEMAk, bertako kide diren udalek eta foru ogasunek errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian.

UEMAren arabera, errenta aitorpena euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte hazten ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute aurten ere UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.

Araban eta Nafarroan apirilaren 8an hasiko da errenta aitorpena egiteko epea, Gipuzkoan apirilaren 9an eta Bizkaian apirilaren 10ean, autolikidazio proposamenak eta Internet bidezkoak egun batzuk lehenago egin daitezkeen arren tokian tokiko ogasunen egutegiaren arabera. Guztietan, ekainaren amaiera aldera arte egin ahal izango dira aitorpenak.

Ohi bezala, UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok elkarlanean bideratzen dute errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera.

Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin.

Horiek azaltzeko, besteak beste, 'Errenta aitorpena euskaraz' lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura UEMAk, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin. Gipuzkoan, aurten ere, 'Ogasunarekin euskaraz' leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.

ALDE HANDIA

Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean.

Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera.

Gipuzkoan, esaterako, Zerain (%72), Orexa (%67), Ataun eta Baliarrain (%62), Amezketa (%60) izan ziren iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan; Bizkaian, berriz, Mendexa (%27), Amoroto (%25), Aulesti (%22), Ispaster (%20) eta Berriatua (%17).

Nafarroako Foru Ogasunak ez ditu ematen herriz herriko datuak, baina UEMAri jakinarazi diotenez, "aurreko urtekoekin alderatuta, aldaketa txikia izan da, eta UEMAko kide diren Nafarroako udalerri guztiak %0 eta %10 bitarteko portzentajean mantentzen dira".

Contador