Eskola jazarpeneko 157 kasu izan ziren 2021-2022ko ikasturtean EAEn

Archivo - Bullying
VIU - Archivo
Actualizado: viernes, 28 octubre 2022 12:27

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Eskola jazarpen gisa identifikatutako 157 kasu izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan 2021-2022ko ikasturtean, hau da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 1.098 kasuen %14,2. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera nabarmena izan da, 966tik 1.098ra igaroz, eta, ondorioz, jazarpen gisa identifikatutako kasuetan ere gorakada izan da, 129tik 157ra.

Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak 2021-2022ko ikasturtean eskola jazarpeneko kasuek EAEn izan zuten bilakaera aurkeztu du ostiral honetan Bilbon, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz, Xabier Balerdi Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusia ondoan zuela.

Azaldu dutenez, aurreko ikasturtean EAEn eskola jazarpen gisa identifikatutako kasuak gehitu egin ziren arren, ehunekoetan, kasuen portzentajea egonkortu egin da azken urteetan, aztertutako kasuen %12 eta %14 inguru izanik.

Horrela, nabarmendu dute azken hamarkada pasatxoan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamabi aldiz biderkatu dela (2009-2010eko ikasturtean aztertutako 89 kasu izatetik, joan den ikasturtean aztertutako 1.098ra). Hala ere, ez da bilakaera bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 32tik 157ra, epe berean.

Hezkuntza Saileko ordezkarien arabera, datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia da hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, eskola jazarpenarekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa, jazarpen kasuen gorakada baino gehiago. Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak "arreta handiagoa" jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, "zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da".

Halaber, datuak azaltzen dituzten arrazoien artean nabarmentzekoa da Hezkuntza Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen "jarrera aktiboagoa", bai eta jazarpena atzemateko tresnak hobetu izana ere.

BIGARREN HEZKUNTZA

Eskola jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren 2021-2022ko ikasturtean: 157 kasuetatik 98 etapa horri zegozkion (12-18 urte), hau da, kasu guztien %62,4.

Halaber, identifikatutako 51 kasutan (%32,4), jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu zen ,'ziberbullying' kasuak, hain zuzen ere.

Dena den, sarrien gertatzen diren jazarpen motei begira jarriz gero, hitzezko erasoak zeuden identifikatutako kasuen %82,1ean. Horren atzetik zeuden gizarte bazterkeria eta marjinazioa (%54,7), eta ondoren, larderia, xantaia eta mehatxua (%35,6).

BIZIKASI

Azken ikasturteko datuak aurkeztearekin batera, Torrealdayk Bizikasi ekimena ere izan du hizpide, duela bost urte Hezkuntza Sailak abiatu zuen eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. 'Bullying'-ari aurre egitea du helburu ekimenak, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin, formakuntza, orientazioa eta erremintak ematen dizkie ikastetxeei.

Horretarako, urte hauetan guztietan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du. Lehenik, BAT Bullying-aren Aurkako Taldea delakoak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Ekimenaren elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez; hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan. Atal honen baitan, ziber-bizikidetza positiboak ere badu lekua.

2022-2023

Bestalde, 2022-2023ko ikasturtean ere, Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitate osoari prestakuntza eskaintzen jarraitzen du. Ikastaro honetan hileroko mintegietan jorratuko diren gaien artean daude entzute aktiboa, jokabide suizida edo curriculum sozioemozionala, besteak beste.

Halaber, ongizate emozionala lantzeko saioak ere aurreikusita daude, irakasleei zein ikasleei zuzenduak, eta ikastaro trinkoek jokabide suizidaren prebentzioa, esku hartzea eta posbentzioa jorratuko dute. Horiei guztiei sexu abusuei buruzko beste prestakuntza bat gehituko zaie, EHUrekin eta Save the Children GKEarekin antolatua.

Lucia Torrealdayk nabarmendu du prestakuntza saio hauek "oso parte hartze eta onarpen handia" izaten ari direla irakasleen aldetik. Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura.

Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu.

Leer más acerca de: