Estrategia demografikoan euskararen ikuspegia ere txertatzeko ekarpenak egin dizkio UEMAk Eusko Legebiltzarrari

Archivo - Jendea Gasteizen
IÑAKI BERASALUCE - Archivo
Actualizado: martes, 17 mayo 2022 12:07

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Eusko Legebiltzarrak estrategia demografikoari buruzko osoko bilkura monografikoa egingo du asteazkenean, eta, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lan dokumentua oinarritzat hartuta, zenbait ekarpen egin ditu UEMAk. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak uste du hizkuntza politikaren ikuspegitik ere "giltzarria" dela estrategia demografikoa, eta horregatik, lan ildoetan euskararen normalizazioarekin lotutako neurriak txertatzeari ere "ezinbestekoa" deritzo.

UEMAk egindako ekarpenetan gogoratu duenez, estrategiaren zimendu izango diren oinarri batzuk zehazten ditu Eusko Jaurlaritzaren lan dokumentuak: eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero ikuspegia, aniztasuna, erantzukidetasuna, adinekoen eskubideak eta gazteen emantzipazioa. Horien artean, ordea, ez da agertzen euskararen normalizazioa eta, UEMAren ikuspegitik, "ezinbestekoa da aipatzea".

Beraz, oinarrietan honako hau txertatzea da UEMAren ekarpena: "Euskararen normalizazioaren ikuspegia. Estrategia honetan jasotako neurriek kontuan izango dute euskararen normalizazioa. Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea. Arreta berezia jarriko da arnasguneetako garapen endogenoa sustatzean".

Horretarako, lan dokumentuak proposatzen duen jarduera planaren zati bakoitzean ekarpen zehatzak egin ditu UEMAk. Jarduera planaren lehen zatian, epe laburrerako inpaktua lortzea helburu duenean, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu ditu.

Jarduera planaren bigarren zatian, berriz, ibilbide luzeko eraginari dagozkion neurrietan, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak UEMArentzat, baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere, migratzaileei harrerarekin euskara eskaintzearekin batera.

Azkenik, jarduera planaren hirugarren zatian, zeharkako ildoei dagokienean, hiru proposamen egin ditu UEMAk: landa ingurunean herri horietako biztanleak bertan gera daitezen neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko tresnen eta prospekzio azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea ere txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, baliabide gutxien duten herrietan arreta berezia jartzeko.

ZEHARKAKOTASUNA ETA LANKIDETZA

Azken batean, UEMArentzat, erronka demografikoari erantzuteko ezinbestekoak izango dira bi oinarri: batetik, zeharkakotasuna, har daitezkeen neurriek beste eremu batzuetan eragin dezaketelako, euskararen kasuan, esaterako, egoera soziolinguistikoan; bestetik, eragile guztien arteko lankidetza eta koordinazioa.

UEMAren arabera, "hizkuntza politikan pauso handiak eman dira urteotan, baina agerian geratu da ebidentzia bat: hizkuntza politika ez da berariazko politikekin egiten, beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten baitiote euskararen egoerari".

Horregatik, UEMAk "ezinbesteko" ikusten du estrategia demografiko honetan ere kontuan izatea euskararen indarberritzea, eta bereziki aintzat hartzea udalerri euskaldunen egoera, haien garrantzia eta zaurgarritasuna ikusita. "Estrategia honetan soilik ez, udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori", dio UEMAren ekarpenak.