Etekin ekonomia topaketen bigarren edizioak saio bana izango ditu Donostia, Gasteiz eta Bilbon

Etekin topaketetako bat
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 20 marzo 2025 13:17

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta finantza entitateek Etekin ekonomia topaketen bigarren edizioa antolatu dute, ekonomia eta finantza gaien euskarazko hausnarketa sustatzeko eta harremanetarako bilgune bat sortzeko asmoz, eta saio bana izango dira Donostia, Gasteiz eta Bilbon, martxoaren 26an, ekainaren 18an eta urriaren 22an, hurrenez hurren.

Zehazkiago, Bankoa Abanca, CaixaBank, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Finantzen Euskal Institutua, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa finantza erakundeek eta Jaurlaritzak antolatu dute topaketen bigarren edizioa.

Ibone Bengoetxeak Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak adierazi duenez, "euskararen erabileran jauzia eman nahi badugu, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzea ezinbestekoa izango da".

Topaketen helburua gaur egungo ekonomia eta finantza gaiak euskaraz jorratzea dela esan du, lan arloan zein sektore teknikoagoetan ere, "euskaraz normaltasunez lan egin daitekeela ikustarazteko eta, gainera, enpresetan eta erakundeetan langileek horren aldeko hautua egitea sustatzeko".

"Horretaz gain, topaketetan parte hartzen duten entitate eta eragileen arteko harremanak eta sareak sendotzea ere nahi genuen, euskara ardatz. Bertaratutako sektoreko profesionalek balorazio ona egin zuten lehen zikloko formatuaren eta landutako gaien inguruan eta, beraz, aurten ere beste ziklo bat antolatuko dugu, egitasmoari jarraipena emateko", azaldu du.

Bada, lehen edizio "arrakastatsuaren" ondoren, proiektuaren sustatzaileek jarraipena eman nahi izan diote eta bigarren edizioa antolatu dute. Aurten ere, zikloak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuak bisitatuko ditu: Donostia martxoaren 26an, Gasteiz ekainaren 18an eta Bilbo urriaren 22an.

Hiru kasuetan 09:00etatik 10:30era arte izango dira saioak, eta bakoitzean ekonomia eta finantzekin zerikusia duten gaurkotasunezko gaiak jorratuko dira sektoreko adituekin.

LEHEN SAIOA

Etekin topaketen lehen saioa Donostiako Aquariumean izango da, martxoaren 26an, eta Andres Arizkorretak (CAF), Lander Belokik (Mondragon Unibertsitatea) eta Ane Insaustik (Gipuzkoako Foru Aldundia) hartuko dute parte solasaldian.

Talentua erakartzeko gakoak izango dira hizketagai eta lau arlo jorratuko dira: talentua erakartzeko beharra, atzerriko ereduen azterketa, EAEn dauden programa eta baliabideen azalpena, eta atzerritarrak prestatzeko bultzatzen diren ekimenak.

Hizlariek gaiaren inguruko hiru ikuspegi eskainiko dituzte. Horrela, Arizkorretak enpresa perspektiba eskainiko du, eta talentuaren inguruko enpresen beharrez eta Europako beste herrialdeetan martxan dauden esperientziez eta programez jardungo da.

Belokik, berriz, unibertsitatearen ikuspegitik hartuko du parte solasaldian eta, besteak beste, Mondragon Unibertsitatea formakuntza arloan zer egiten ari den azalduko du.

Insaustik, azkenik, erakunde publikoen ikuspegia eskainiko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua erakartzeko zer nolako programak abian dituen azalduko du, hala enpresa nola hezkuntza arlora bideratutakoak.

Solasaldiak mahai inguru formatua izango du, ekonomia eta finantza arloan talentuaren aferari buruzko hausnarketa ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko asmoz. Saioa euskaraz izango da, baina aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da. Izena emateko epea zabalik dago eta www.etekintopaketak.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Contador