DONOSTIA 15 Dic. (EUROPA PRESS) -
Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiko kideek 'Etxebizitza larrialdia Euskal Herrian. Konponbidea nondik?' izenburuko jardunaldia antolatu dute astelehenerako, abenduaren 16rako, Donostiako Tabakalerako Z aretoan.
Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, etxebizitza herritarren "lehentasunezko kezka da, ez bada nagusia, egun etxebizitza eskubide izatetik oso urrun baitago".
Europa mailako emantzipazio adin altuenetarikoa Euskal Herrian dagoela, etxebizitza gastuetara bideratu beharreko errentaren zatia etengabe gorantz doala eta euren auzo zein herrietan bizitza proiektua garatu ezin duten herritarrak gero eta gehiago direla deitoratu dute. "Une honetan, herritarren txirotze orokortuaren arrazoi nagusienetarikoa da etxebizitza prezioen garestitzea", gaineratu dute.
Egungo egoera "urteetan garaturiko politika zehatzen ondorio" dela ziurtatu dute, eta horretaz eta egoeraren jatorriaz mintzatuko da jardunaldian Alejandro Inurrieta Beruete Madrilgo Udaleko zinegotzi sozialista ohi eta Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioko Alokairuko Sozietate Publikoko presidente ohia.
Halaber, etxebizitzaren arazoa eragin duten politikak ulertzeko gako batzuk azalduko dira topaketaren lehen mahai inguruan, Ainize Butron ALDA etxebizitza eskubidearen aldeko elkarteko ordezkariaren, Iratxe Delgado LABeko Ekintza Sozialeko kidearen eta Karlos Renedo Hiritik AT elkarteko kidearen parte hartzearekin.
Ondoren, bigarren mahai inguruan egungo egoeraren argazki bat osatuko da, Euskal Herriko hiru administrazio esparruei erreparatuz, eta bertan parte hartuko dute Lola Eslava EH Bilduko Nafarroako udalgintzako arduradunak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta Felipe Aramendi Urruñako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilu exekutiboko kideak.
Bide horretan sakonduz, alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzeko aukerak, euskal erakundeek etxebizitzaren alorrean eskaintzen dituzten tresnak eta burujabetza osoa ez izatearen ondorioak aztertuko dira, besteak beste.
"Etxebizitza larrialdiari heltzeko estrategia integral baten beharra azalduko da, merkatua arautu eta Euskal Herriko instituzio zein jendarte zibilaren indarrak artikulatzen asmatuko duena", azaldu dute.
Jardunaldia datorren astelehenean izango da, 10:00etatik 14:00etara, Donostiako Tabakalerako Z aretoan, eta parte hartzeko izena eman behar da https://docs.google.com/forms/d/1vcBK0P5WXqjgyB6N8srJQJBJDX_... web orrian dagoen formularioa betez.