Etxepare Institutuak Chejov vs. Shakespeare proiektua berreskuratuko du 2019 Scotland Goes Basque programarako

Iban Zaldua
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 19 febrero 2019 13:18

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak Chejov vs. Shakespeare proiektuaren edizio berri bat sustatu du, 2019. urtean zehar Eskozian euskal kultura, arteak eta euskara ezagutarazteko burutzen ari den 2019 Scotland Goes Basque egitasmoaren baitan. Kulturaren bidez Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko harremana estutzea du xede proiektuak, eta kasu honetan Iban Zaldua eta James Robertson idazleak izango dira protagonistak.

Chejov vs. Shakespeare proiektua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan gauzatu zen, eta lurralde eta hizkuntza ezberdinetako idazleek Europaren erronka eta gatazken inguruan gutun bidezko elkarrizketa sakon bat izatea zuen helburu, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez.

Ekimenaren edizio berrian Iban Zalduak eta James Robertsonek elkarri 12 eskutitz bidaliko dizkiote, bakoitzak sei. Gutunotan, Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai, eta trukaketak bi idazleek gai horien inguruan dituzten ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko du.

Bakoitzak norberaren hizkuntzan idatziko ditu eskutitzok, euskaraz eta eskozieraz. Bi idazleek otsailean bertan ekingo diote gutunak elkarbanatzeari, eta Robertson izango da lehena. Uztailean emango diote amaiera elkartrukeari.

Gutunen trukea amaitutakoan, 2016an egin zen bezala, idatzitako material guztia bildu eta liburu batean argitaratuko da. Horrekin batera, Edinburgon abuztuan egiten den Edinburgh Book Festival literatura jaialdian mahai inguru bat antolatuko da eta, bertan, proiektuan parte hartu duten bi idazleek gutunetan hausnartutako gaiez jardungo dute, ideia horien inguruko eztabaida irekia sortzeko asmoz.

ZALDUA ETA ROBERTSON

Iban Zalduak (Donostia, 1966) ipuin laburrak idatzi ditu gehienbat, bai eta hainbat eleberri eta saiakera ere. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi arren, euskal herritar izateari eta euskarari buruzko gogoeta asko plazaratu izan ditu bere argitalpenetan. Hainbat sari ere jaso ditu bere lanagatik, horien artean Euskadi Literatura saria, 2006an, "Etorkizuna" ipuin bildumarekin.

Egun, bere idazle lana irakaskuntzarekin uztartzen du. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Ekonomiaren Historiako irakasle da, Gasteizen. Musikaren eta orotariko gaien kritika arloan ere lan egin du, irratsaio eta blogetan.

Bestalde, James Robertson, bizitzaren zati handiena Eskozian egin duen arren, ez zen bertan jaio, Ingalaterrako Kent konderrian baizik. Eskozian hazi zen, hala ere, eta Edinburgoko Unibertsitatean egin zituen ikasketak.

Ipuin laburrak, poesia, haurrentzako literatura eta eleberria jorratu ditu bereziki, ingelesez eta eskozieraz, bai eta hainbat ingelesezko argitalpen eskozierara itzuli ere; tartean, "Winnie the Pooh" hartzaren ipuinak. Haurrentzako liburuen argitaletxe baten editore ere bada.

Idatzi duen azken eleberriak, "And The Land Lay Still" izenburukoak (2010), Eskoziaren azken 60 urteotako historiari egiten dio errepasoa. Bere testuetan, nazioarteko politikaren, historiaren eta Eskoziako kultura eta hizkuntzaren inguruan interes handia azaldu izan du.

CHEJOV VS. SHAKESPEARE

Chejov vs. Shakespeare Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren programaren baitan burututako proiektua izan zen. Egitasmoak zortzi euskal idazle zortzi nazioarteko idazlerekin jarri zituen kontaktuan bikoteka, eta gutunak bidali zizkieten elkarri hainbat hilabetez.

Proiektuaren iturburua eta izena Amos Oz idazle israeldarraren esaldi batetik hartu zuten antolatzaileek: "Ekialde Hurbileko gatazka bezalakoetan bi ikuspegi literariok bat egiten dute: batetik, Shakespeare-ren justizia poetikoa, non inork ez duen amore ematen, printzipioak, ohorea eta bizitza ororen gainetik dauden, baina eszenak odolez estalita amaitzen duen; eta, bestetik, Chejov-en justizia gizatiar tristea, non pertsonaiek euren ezadostasunak eztabaidatzen dituzten, gatazka konpontzera iritsiz, eta denak frustrazioz beteta itzultzen diren etxera. Baina bizirik".

2016ean zehar, Euskal Herriko eta nazioarteko idazle hauen artean osatu ziren bikoteak: Fernando Aranburu eta Hector Abad (Kolonbia), Laura Mintegi eta Birgit Vanderbeke (Alemania), Angel Erro eta Patrik Ourednik (Txekiar Errepublika), Arantxa Urretabizkaia eta Menna Elfyn (Gales), Bernardo Atxaga eta Bashkim Shehu (Albania), Eider Rodriguez eta Belen Gopegui (Espainia), Harkaitz Cano eta Dubravka Ugresic (Kroazia) eta Luisa Etxenike eta Mircea Cartarescu (Rumania).

Hautatuak izan ziren egileek euren inguruko gizarte gatazkei buruz idatzi izana zuten amankomunean, besteak beste. Gutun elkartrukea amaitu zenean, bikote bakoitzak partekaturiko gutunak liburu banatan argitaratu ziren. Horrez gain, Donostian idazle-bikoteen arteko mahai inguruak antolatu ziren, bizitako esperientzia publiko aurrean kontatu eta hitz egindako gaien inguruan eztabaidatzeko.

Chejov vs. Shakespeare proiektuaren edizio hau, Etxepare Euskal Institutuak aurten Eskozian antolatu duen kultur programaren ekintzetako bat da. Euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera ematea eta kultura, arteak, eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin harremanak estutzea da 2019 Scotland Goes Basque egitasmoaren xedea. Urtean zehar, literatura, arte eszenikoak, musika eta zinea jorratuko ditu programak Eskoziako hainbat jaialdi eta kultur programa garrantzitsutan.