Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareak Bilbon egingo du azaroan 2024ko batzar nagusia

Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen zuzendaritza batzordearen bilera
KONTSEILUA

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareak (ELEN-European Languages Equality Network) Bilbon egingo du 2024. urteko batzar nagusia, azaroaren 8tik 10era bitarte. Euskalgintzaren Kontseiluaren ardura izango da 25 herrialdetik gorako ordezkariak batuko dituen bilkuaren antolaketa, eta jada abiatu du erakunde publiko eta gizarte eragile ezberdinekin harreman erronda, topaketa lankidetzaren emaitza izan dadin.

Euskalgintzaren Kontseiluak jakinarazi duenez, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen zuzendaritza batzordearen bileran parte hartu zuen joan den ostiralean, Bartzelonan, eta, besteak beste, hizkuntza gutxituek Europako egungo testuinguruan duten egoera aztertu zen eta hizkuntza berdintasun eta askatasunean aurrera egiteko bideak eta elkarlanaren noranzkoa arakatu eta adostu ziren.

Zuzendaritzak hartutako erabaki aipagarriena 2024ko batzar nagusia Euskal Herrian egitea izan zen; zehazki, azaroaren 8tik 10era arte, Bilbon. Kontseilua arduratuko da antolaketaz, eta dagoeneko abiatu du erakunde publiko eta gizarte eragile ezberdinekin harreman erronda, lankidetzaren emaitza izan dadin.

ELEN Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, Iberiar Penintsulako hizkuntza guztiak barne. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 50 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europar Batasuneko biztanleriaren ia %10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea du helburu.

Euskalgintzaren Kontseilua sareko lehendakariordea da, eta hastapenetik da euskararen aldeko eragileak ordezkatzen dituen erakundea. Batzar nagusia da erakundearen bilgune nagusia eta ikerketa eta lan ildo berrien aurkezpenerako, eztabaidarako zein Europa mailan hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazioan eragiteko proposamen eta politika berrien adostasunak lantzeko espazioa.

Aurten, besteak beste, hizkuntza gutxituak eremu digitalean, harrera politika eraginkorrak, Europa mailako ofizialtasuna eta nazioarteko legedia hizkuntza eskubideen defentsan edota politika publikoen garrantzia landuko dira hitzaldi eta mahai-inguru desberdinetan.

HIZKUNTZA GUTXITUAK ETA HEZKUNTZA

Bestalde, Euskagintzaren Kontseilutik jakinarazi dute hizkuntza minorizatuek hezkuntza arloan dituzten erronkei buruzko eta hizkuntza eskubideen bermearen inguruko goi mailako konferentzia egin zela larunbatean, zuzendaritza batzordearen biharamunean, ELENek berak CATESCO Unescoren Kataluniako adarrarekin eta Òmnium Cultural elkartearekin antolatuta.

Nicolas Levrat Minorien gaineko NBEren kontalariak, Petra Roter Europako Kontseiluko Gutxiengoen Babeserako Aholku Batzordeko presidenteak, Eva Pons legelariak eta Xavier Vila Soziolinguistika katedradun eta Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politikarako arduradunak hartu zuten parte konferentzian, besteak beste.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia hezkuntza arloari buruzko mahai-inguruan izan zen solaskide, katalanaren, bretainiarraren, gaelikoaren, galizieraren, okzitanieraren eta frisieraren ordezkariekin batera, eta, hezkuntza sisteman euskarazko murgiltzeari dagokionez, lurraldeen artean dauden aldeetan eta euskararen normalizazioan dakartzan emaitza desberdinetan sakondu zuen.

Kontseiluaren arabera, jardunaldiko hizlarien ekarpenek argi utzi zuten hizkuntza minorizatuak "kinka larrian" daudela egungo testuinguruan, batetik, globalizazioaren egungo aldaerak ekarritako aldaketa eta erronka handiengatik, eta, bestetik, estatuek, orokorrean, hizkuntza komunitate hauen babes juridiko oztopatzen dutelako.

Nolanahi dela, azken hitzartzean Elin Haf Cruffydd Jones ELENeko lehendakariak "itxaropenerako deia" egin zuen, azpimarratuz hizkuntza minorizatuei eustea mundu hobe baten alde egitea dela, eta "esperantzaren lanketa" egungo testuinguru politikoan ariketa garrantzitsuenetako bat.