GASTEIZ 7 Nov. (EUROPA PRESS) -
San Martingo Azoka urtero ospatzen da egun hauetan Santikurutze-Kanpezun (Araba), eta igande honetan bere hamazortzigarren edizioa beteko du. Arabako Mendialdeko izaera "landatarra, nekazaria eta turistikoa" aldarrikatuko da aurttengo edizioan.
Estefania Beltran de Heredia Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko diputatuak, Aitor Aguinaga Santikurutze-Kanpezuko alkateak eta Oscar Visa Santikurutze-Kanpezuko Administrazio Batzarraren ordezkariak gaur goizean aurkeztu dute igandeko jardueren egitaraua.
Beltran de Herediak adierazi du azoka hau eskualdean "oso errotua" dagoela, alde batetik, abeltzainak batzen dituelako, "ia ehun abelburu ikusgai jarriz", eta, beste alde batetik, eskualdeko
elikagai ekoizleak ere biltzen direlako, "bere produktuak agertuz, nahiz gazta, nahiz eztia, nahiz indabak, nahiz odolkiak".
Aitor Aguinaga Santikurutze-Kanpezuko alkateak urtero azoka honetara ia 7.000 pertsona joaten direla jakinarazi eta gogoratu du azoka urte askotan zehar desagertuta egon ondoren 1990an berreskuratu zela. Horrela, Santikurutze-Kanpezuko eta Arabako Mendialde inguruko "mundu landatar, nekazari eta turistikoaren aldarrikapen handiena egiten duen azoka" dela azpimarratu du.
ERAKUSKETAK
Igandean Santikurutze-Kanpezura doazenek eskulangintza erakusketa bat ikusteko aukera izango dute. Herriko pilotalekuan jarri da eta Araba eta beste probintzietako 25 artisau bilduko ditu, baita ehoziri-lanen erakusketa bat ere, Ega tokiko elkartearen eskutik.
Azokak orain urte batzuetako landa-munduaren ikuspegia ere emango du, antzinako traktoreen erakusketari esker eta gaur egun dauden makina modernoekin alderatuta. Gainera, zaldiak gustuko dituztenek zaldi-heziketazko erakusketa ere izango dute.
Boilur Arabako Gastronomia Elkarteen Federazioko sukaldariek zekor eta pataten gisatuko anoa bat egingo dute, bertan une horretarako prestatuko dena. Gazteenek jolas eta gaztelu puzgarriekin ondo pasa dezakete, eta trikitixek etengabe musika giroa jarriko dute. Arratsaldean, pilota jaialdiak emango dio bukaera San Martingo 18. azokari.