EUSKADI.-Nazioarteko epaimahaiak "protagonismo berezia" izango du aurtengo Bilboko Zinebi zinemaldian

Actualizado: lunes, 23 noviembre 2009 18:55

BILBO 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Zinebi Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak 51. edizioaren nazioarteko epaimahaiko kideak aurkeztu ditu gaur, eta bere arduradunek azaldu dutenez, "protagonismo berezia" izango dute epamahaikideok.

Ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokian izan da, jaialdiaren egoitza nagusian, eta bertan Ernesto del Rio Zinebiren zuzendaria ere izan da.

Peggy Ahwesh zinemagile independente estatubatuarra, Antje Ehmann Alemaniako historialari eta teorialaria, Loreta de Stasio Italiako semiologo eta irakaslea, Dario Urzay euskal artista eta Carlos Serrano espainiar zinemagile gaztea izango dira sariak banatzeko eta emateko arduradunak.

Gainera, "Barre egizu maitea. Umorea zine feminista/queer garaikidean" zikloak Peggy Ahweshen lanaren atzera begirakoa aurkeztuko du. Ahwesh 51. edizioko epaimahaikidea da eta zinematografia-praktika honetan aitzindaria ere bai.

1970eko hamarkadan burutu zituen artista-ikasketak New Yorkeko giroko Super8 zinema esperimentalaren inguruan, abangoardiako mugimendu feministen inguruan eta 'underground punk' delakoaren inguruan. Orduz geroztik umorea eta absurdoaren bere poetika berezia erabiltzen ditu analisiak egiteko, gai sozial eta politikoko irudi eta soinuen bitartez, kultura-identitate eta genero arazoak aztertuz, eta horiekin lotuta dauden esperientzia subjektibo indibidualak erakutsiz.

Atzera begirako honek bere ibilbide luzean dituen lanik adierazgarrienak eskainiko ditu: "Philosophy in the Bedroom" (1987), "Martina's Playhouse" (1989), "She Puppet" (2001) eta "Certain Women" (2005). Emanaldiak bihar eta larunbatean izango dira, lehenengoa arratsaldeko 20:00etan eta bigarrena 18:00etan, biak ere Guggenheim Bilbao Museoan.