Euskadiko Parke Teknologikoko 673 enpresek 8.243 milioi euro fakturatu dituzte 2024an, %11,5 gehiago

Euskadiko Parke Teknologikoko campusak
EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 16 abril 2025 10:20

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio, Gasteiz, Donostia, Leioa, Hernani eta Abantoko campusek 673 enpresa biltzen dituzten, eta guztien baterako fakturazioa 8.243 milioi eurora iritsi da 2024an, hau da, aurreko urtean baino 860 milioi gehiago (+%11,5). Gainera, enpresok 23.674 langile dituzte guztira, 2023an baino 642 gehiago.

Datu horiek Euskadiko Parke Teknologikoaren 'Urteko Jarduerari buruzko Txostena' lanean jaso dira, 2024ko ekitaldia itxi ondoren enpresek emandako datu nagusiak bilduta.

Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde eta Euskadiko Parke Teknologikoko presidenteak adierazi duenez, "Parke Teknologikoa punta-puntako ingurunea da lehen mailako enpresa proiektuak erakartzeko eta garatzeko".

"Dagoeneko goi mailako kualifikazioko 23.600 pertsona ditugu gure campusetan lanean. Aitzindariak izan ginen Estatuko lehen parke teknologikoarekin, eta Europa mailan aitzatetsiak gara, aurkezten ditugun datuak ikusita eredu arrakastatsua garelako", azaldu du.

Edonola ere, ziurtatu duenez, "ez gara datu horietan bakarrik geratzen, gure buruarekin exigentzia maila altua dugu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko beste urrats bat eman nahi dugu".

Ildo horretan, "etorkizuneko industria sektoreen alde" egindako apustua nabarmen du. Horrela, zehaztu du biozientzien sektorea "ugariena" dela dagoeneko, 129 enpresa baitaude campusetan, eta, ondoren, informazio teknologiena, 127 enpresarekin. Bien artean parkeko enpresen %40 biltzen dute.

Fakturazioari dagokionez, aeronautika da gailentzen den sektorea, enpresen guztizko fakturazioaren %30 metatuz (2.479 milioi euro). "Azken batean, industria gehiagoren, industria hobearen eta emisio gutxiagoen alde egiten dugu", ziurtatu du.

HAZKUNDE OROKORRA

Parkeko enpresek emandako zifrek hazkunde orokorra erakusten dute oro har jarduera eremu nagusi guztietan. Horrela, fakturazioa %11,5 igo da 2024an aurreko urteko itxierarekin alderatuta, 8.243 milioi eurora iritsita, aurreko urteko 7.381 milioen aldean. Gainera, 642 profesional sartu ziren plantilletan, 23.674 langileko zifra errekorrera iritsi arte, gehienak kualifikazio handiko lanei lotuta.

I+G arloko gastuak ere igoera esanguratsua izan du, 2023an 660 milioi eurokoa izatetik, 2024an 754 milioi eurokoa izatera igaro baita, hau da, %14,2ko igoera. Era berean, atzerriko kapitala duten enpresen kopuruak ere gora egin du, eta dagoeneko 69 dira.

Langileen atalean, kopuru osotik harago, txostenak egoeraren ikuspegi zehatzagoa eman du kualifikazioari, generoari eta I+G arloko dedikazioari dagokienez. Hala, Lanbide Heziketara hurbiltzearen aldeko apustuak isla izaten jarraitu du plantilletan, parkeko enpresen inguruan Batxilergoko 1.000 ikasle baino gehiago mobilizatu dituen 'LH Parke' bezalako ekimenekin, 2024ko itxieran jada Lanbide Heziketako titulazioa zuten 6.092 profesional baitaude kontratatuta.

Edonola ere, unibertsitate titulazioek osatzen dute profil profesionalen muin nagusia Euskadiko Parke Teknologikoko enpresetan, unibertsitateko prestakuntza duten 12.792 pertsona baitaude bertan. Kopuru horri gehitu behar zaizkio doktoretza duten 2.162 profesional eta bestelako profil akademikoak dituzten 2.627 pertsona.

Bestalde, I+G jardueretan espezifikoki aritzen diren langileak 7.369 dira, horietatik 4.276 gizonak eta 3.093 emakumeak. Testuinguru horretan, berdintasun politiketan emandako aurrerapausoak nabamendu dituzte parkeko arduradunek. Horrela, berdintasun planak ezarri dituzten 50 langiletik gorako enpresen kopurua %13 handitu da 2024an, 170 enpresara iritsita.

Lidergoari dagokionez, zuzendaritza orokor edo nagusiko postuetan dauden emakumeek 146 enpresa zuzentzen dituzte, hau da, enpresa guztien ia %22. Zifra horrek bikoiztu egiten du %11 inguruko Euskadiko batez bestekoa, eta "agerian uzten du parkeko enpresek kudeaketa eredu askotarikoagoekin eta inklusiboagoekin duten konpromisoa".

Era berean, talentuari dagokionez, enpresetako plantillak gaztetzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, eta gaur egun, 4.489 langile 30 urtetik beherakoak dira.

SEKTOREAK

Jarduera sektoreen arabera, biozientziena da ugariena enpresei dagokienez, 129 konpainiarekin, eta, ondoren, IKT sektorea dator (127). Bi sektoreek guztizkoaren %40 inguru hartzen dute enpresa kopuruari dagokionez, baina langile kopuruari dagokionez datuak desberdinak dira.

Hain zuzen, plantillei dagokienez, IKT sektorea da liderra, enpleguaren %20,44arekin (4.840 profesional), eta ondoren I+G sektorea dago, %18,9arekin (4.476 profesional). Biozientziek 3.041 langile dituzte (%12,85).

Fakturazioari dagokionez, 2024an erregistratu da berrikuntzarik handiena sektoreka jasotako zifretan, eta aeronautika sektorea nabarmendu da, 2.470 milioi euro fakturatuta, hau da, parkeko enpresen fakturazio osoaren %30. Ondoren datoz IKT sektorea, 1.980 milioi eurorekin, eta I+G sektorea, 1.269 milioi eurorekin.

Azkenik, jarduerako beste datu batzuen artean, Euskadiko Parke Teknologikoko enpresek 148 patente nazional eskatu dituzte 2024an, eta horietatik justu erdia eman zaizkie: 74. Gainera, 30 enpresa 2030 Agendaren bazkide dira edo sinatu dute, eta euren jardueran garapen jasangarrian laguntzeko konpromisoa hartu dute.

Contenido patrocinado