Euskadin eta Katalunian pertsonei arreta emateko eredu berriak garatzeko hitzarmena sinatu dute Sareen Sareak eta Taulak

Euskadin eta Katalunian pertsonei arreta emateko eredu berriak garatzeko hitzarmena sinatu dute Sareen Sareak eta Taulak
SAREEN SAREA
Actualizado: jueves, 23 mayo 2019 11:41

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Francina Alsina Kataluniako Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeen Taula elkarteko presidenteak eta Pablo Gonzalez Sareen Sarea elkarteko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, pertsonei arreta emateko eredu berriak garatzeko. Bi erakundeek eskaini nahi dutenen arreta "komunitarioagoa" izango da eta "pertsonetan oinarrituta" egongo da.

Sareen Sareak jakinarazi duenez, pertsonan oinarrituta dagoen komunitateko arreta eredu berrien garapena bultzatzera zuzenduta dauden ekimenak garatzen dituzte bi elkarteek Katalunian eta Euskadin. Zehazki, Taulari dagokionez, Copèrnic herrialdeko proiektu globala garatzen ari da Katalunian, XXI. mendeko pertsonei zuzendutako arreta zerbitzuak eratzeko.

Bestalde, Sareen Sarea Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeetan arreta emateko eredu komunitarioa sendotzeko eta bultzatzeko lanean barneratuta dago, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Bultzatzeko Estrategiari dagokion zazpigarren jarduera da.

Horrela, Sareen Sareak eta Taulak harreman handia izan dute azken hilabeteotan, erakunde bakoitzak garatutako proiektuak bateratzeko asmoz. Sinatzaileen hitzetan, akordioak biltzen du "elkarlanean aritzea bakoitzak bere lurralde eremuan proiektuak bultzatzeko, informazioa partekatzea eta alderdi jakin batzuetan lankidetzan aritzeko oinarriak finkatzea: nazio mailan eta nazioartean jardunbide egokiak identifikatzea, arreta eredu berriak zehaztea, proiektuak kudeatzea eta ezartzea eta finantzatzeko Europako funtsak eta baliabideak bilatzea".

Halaber, Euskadiko eta Kataluniako gobernuak akordiora batzeko dauden aukerak aztertuko dituzte hitzarmenaren sinatzaileek, elkarren proiektuak bultzatu ahal izateko.

TAULA

Kataluniako Hirugarren Sektore Sozialaren Taula da esparruko erakunde guztiak ordezkatzen dituen elkartea. 2003tik hirugarren sektore sozialeko 36 federazio eta erakunde nagusi biltzen ditu, eta horiek, aldi berean, irabazi asmorik gabeko 3.000 elkarte sozial.

Taulako ordezkaritzak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna dela-eta Euskadira egindako bisitan sinatu dute akordioa. Presidentearekin batera, Josep Giralt eta Núria Valls presidenteordeak, Pepa Muñoz zuzendaritza batzordeko idazkaria eta Roger Civit zuzendaria izan dira.

Ordezkari katalanek bileak izan dituzte Sareen Sarearearekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiarekin eta Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Emilio Solarekin. Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko estrategiaren eta legearen edukia eta garapena, eta sektore sozialaren eta administrazio publikoen arteko elkarrizketa zibila aztertu dituzte bilerotan, besteak beste.

Gainera, Sondikan dagoen Ola BBK Zentroa, BBK-Saioa-Gorabide familiako zerbitzua eta Lantegi Batuak enplegurako zentro lantegia bisitatu dituzte. Sondikako Izarza jatetxea ere ezagutu dute, lan munduratzea helburu duen Peñascal kooperatibaren enpresa.

SAREEN SAREA

Sareen Sarea Euskadiko hirugarren gizarte sektoreko erakundeak biltzen dituen elkartea da. Gizarte justuago, solidarioago, elkartuago eta parte hartzaileagoa lortzeko sortu zen 2014an. Proposamen eta alternatibak elkarlanean eraikitzeko gaitasun handiagoarekin gizarte gizatiarraren alde egitea du xede.

Harremanak sortzen ditu beste hainbat eragile sozial, politiko eta instituzionalekin, eta, gaur egun, ondorengo erakunde sozialen 15 sare biltzen ditu: ONCE, Astialdi Sarea, ONGD Euskadi, EAPN Euskadi, EHLABE, Elkartean, Euskofederpen, FEDEAFES, FEVAS, Gizatea, Harresiak Apurtuz, Hirekin, Hirukide, Lares Euskadi eta REAS Euskadi.