Euskal Energia Ituna prestatu behar duen adituen batzordeak lehen bilera egin du

- IREKIA
Actualizado: jueves, 18 julio 2019 18:15

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Euskal Energia Trantsiziorako Batzordea osatzen duten adituek lehen bilera egin dute ostegun honetan, Bilbon, Eusko Legebiltzarrak eskatutakoa betetzeari begirako lehen urrats gisa, hau da, Euskal Energia Ituna prestatzea eta bide orri integrala diseinatzea, "euskal ekonomia 2050. urtera karbono emisio neutroekin heltzeko xedez".

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek hautatako kideek osatutiko taldean energiarekin zerikusia duten gaietan esperientzia luze eta sakoneko aditu eta profesional hauek daude: Ivan Marten, Jose Ignacio Hormaeche, Nuria Gisbert, Yolanda Blanco, Gorka Bueno, Iratxe Arriola, Antxon Olabe, Natalia Fabra, Aitor Urresti, Esther Muñoz Alonso, Marta Ruiz Cerrillo, Alberto Nadal eta Txetxu Saenz de Ormijana.

Halaber, lantaldea eratzeko ekitaldian izan dira Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, martxoaren 14an Eusko Legebiltzarrean hitzartuari jarraiki, batzordeak urtebete izango du Euskal Energia Ituna idazteko, eta, agindu hori modu egokian betetze aldera, "energia politikan egingarriak izan daitezkeen proposamenak aztertuko ditu eta horien ezarpenerako beharrezko estrategiak, alternatibak eta kostuak hartuko dituzte kontuan, betiere ingurumen iraunkortasun, horniduraren segurtasun, enpleguaren sorrera eta lehiakortasunean arreta berezia jarriz".

Itunak "izaera edo eraketa integrala" izango du, 2050erako karbonogabetzearen helburuak betetzeko erabakiak eta neurriak aintzat hartuko baititu, trantsizio horretan aurrera egiteko faktoreen eta tresnen azterketan sakonduz, hala nola aurreikuspen ekonomikoak, zerga alorrean egin beharreko aldaketak, finantzatzeko bideak, gizartearen inplikazioa eta laguntza ekarriko dituzten proposamenak zein aukerak eta beharrezkoak izan litezkeen lege aldaketak.

GIZARTEAREN ATXIKIMENDUA

Orobat, Eusko Legebiltzarrak adituen taldeari eskatu dio "gizartearen benetako atxikimendua" lortzeko, eta, horretarako, uste du "beharrezkoa" dela "energia trantsizioak gizatalde babesgabe edo xumeengan eragin ditzakeen kalteak minimizatzea, eta hartara, bidezko trantsizioa aurrera eramatea, kohesio soziala, ekonomikoa eta lurralde artekoa sustatuko dituena".

Etorkizuneko Euskal Energia Itunean aurreikusiko diren neurriak koordinatuta egon beharko dira industria politikarekin eta Energibasque estrategiarekin.

Era berean, Eusko Legebiltzarrean hartutako akordioan azpimarratzen da energia trantsizioak "aldaketak" ekarriko dituela ezinbestean ekoizpen ehunean. Horregatik, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak adituen taldeari eskatu dio energia trantsizioa "aukera moduan ikusteko".