Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaia Mungian izango da, 2023ko ekainean

Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiaren aurkezpena.
EHIGE
Actualizado: viernes, 16 diciembre 2022 18:51

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. edizioa Mungian (Bizkaia) ospatuko da 2023. urteko ekainaren 4an, eta 'Jagon Eskola Publikoa' izango da leloa. Hezkuntzan "lege aldaketa sakonak" egiten ari diren unearekin bat egiten duela adierazi dute aurkezpenean, eta prozesu hori "eskola publikoa sendotuz eta hedatuz" amaitu behar dela nabarmendu, "euskal hezkuntza sistemaren ardatz bihur dadin".

Festaren aurkezpen prentsaurrekoa ostiral honetan izan da, Mungiako Torrebillela dorretxean, eta Egoitz Regil Mungialdeko IGEen ordezkariak, Alaitz Erkoreka Mungiako lehen alkateordeak, Reyes Lengaran BIGEko koordinatzaileak eta Lurdes Imaz EHIGEko koodinatzaileak parte hartu dute. Mungialdeko ikastetxe publikoetako ordezkariak, ikasleak, familiak zein zuzendaritza taldeak ere izan dira bertan.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia "ekaineko lehen igandean egiten den jarduera bat baino askoz gehiago" dela azpimarratu dute, eta horrela, eskolen arteko elkarlana sustatzea, sare publikoan egiten diren egitasmoak erakustea, ikastetxeen aldarrikapenak kaleratzea, familien parte hartzea eskolan bultzatzea eta hezkuntza komunitateari kalitatezko jarduerak eskaintzea dira jaiaren helburuak, besteak beste.

'Jagon Eskola Publikoa' da Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiaren leloa. Festaren urteurrena aprobetxatuz, aurtengo leloak "inoiz baino gehiago" aldarrikatu nahi du publikotasunaren garrantzia, eta Mungialdean 'zaindu' eta 'babestu' adierazteko erabiltzen den 'jagon' aditza dute barne leloak zein logoak.

Irudiari dagokionez, Xabat Agirre izan da egilea, eskola publikoko ikaslea izandako diseinatzailea. Euskal Eskola Publikoa "eraikitzen, babesten eta ospatzen duten familia, ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatea" irudikatu nahi izan ditu, "diseinu garbi, alai eta koloretsu baten bidez".

Horretarako, forma geometriko anitzak ikusten dira irudian, "Euskal Eskola Publikoa osatzen duten pertsonak bezalakoak". "Forma eta pertsona independenteak, baina harresi edo sare bezala antolatuta Euskal Eskola Publikoa saretu, babestu, aldarrikatu eta ospatzeko prest daudenak", adierazi dute.

ANTOLAKETA

EHIGErekin batera, Mungialdeako ikastetxe guztietako guraso eta zuzendaritza taldeen ordezkariak ari dira parte hartzen datorren urteko Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolaketan. Izan ere, gaineratu dutenez, "gure helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea baita, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko".

Jaiak lau gune izango ditu, ekintza ibiltariez gain, eta Mungiako hurrengo espazio hauek hartuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia: eskola eta institutua, Herriko plaza, Uriguen parkea eta Torrebillela. Gainera, aurreko urteetan bezala, jarduerak ez dira mugatuko jaiegunera, ekainaren 3rako ere programa prestatzen ari direlako eta urtean zehar hainbat aurretiko ekintza antolatuko baitira.