Euskal Herriko Ikastolen I. Komiki Lehiaketa abiatu dute ikastolen jaiek

Euskal Herriko Ikastolen I. Komiki Lehiaketa.
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: lunes, 15 marzo 2021 13:46

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren lehen aldia antolatu dute ikastolen jaiek, Euskal Herriaren historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki kontakizun bilakatzeko helburuarekin. 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua, apirilaren 30a arteko epea izango dute lanak aurkezteko, bakarka edo taldean.

Ikastolen jaiek astelehen honetan ohar baten bidez jakitera eman dutenez, komiki lehiaketaren lehen edizioko gaia Amaiurko gazteluaren setioa izango da. Amaiurko gazteluaren setioa 1522ko uztailaren 15etik 19ra bitarte egin zuten Gaztela eta Aragoiko armadek. Setioa nabarmena izan zen, bertan bukatu zelako Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek egindako hirugarren saiakera, erresuma berreskuratzeko 1512ko konkista eta gero.

Lehiaketa irekia da 14-16 adin tarteko gazte guztientzat (ez da derrigorrezkoa ikastola bateko ikasle izatea), eta teknika librea izango da, lanak PDF formatuan aurkeztu beharko diren arren. Lanak euskaraz idatziko dira eta bost orrialdetako luzera izango dute gehienez (komikiaren azala barne).

Lanak telematikoki aurkeztu beharko dira, ehikomikilehiaketa@ikastola.eus helbide elektonikora bidalita, eta aurkezteko epea apirilaren 30eko 12:00etan bukatuko da.

Jasotako komiki lan guztien artetik onena zein den ebatziko du epaimahaiak, eta sari gisa 'Xabiroi' komiki aldizkariaren urriko zenbakian argitaratuko da. Dena den, parte hartzea sustatu nahi da lehiaketaren bidez, eta horregatik, parte hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dira: hiru tableta, 'Xabiroi' aldizkariaren urteko hamar harpidetza eta 'Xabiroi' bildumak (hiru bildumako bost sorta).