Euskal ikasketen nazioarteko hiru katedra berri abiatuko ditu Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturtean

Etxepare Euskal Institutuak abiatuko dituen hiru katedra berrien aurkezpena
IREKIA
Actualizado: viernes, 10 junio 2022 13:04

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedra berriak jarriko ditu abian nazioarteko hiru unibertsitatetan 2022-2023ko ikasturtean: Elbira Zipitria katedra McGill University-n (Quebec), Alan R. King katedra University of Wales Trinity Saint David-en (Gales) eta Frank Bidart katedra California State University Bakersfield-en (AEB).

Hiru katedra berriek Etxepare Euskal Institutuak lantzen dituen ildoetako batzuk islatzen dituzte, nazioarteko kultur konexioen sorrera, hizkuntzaren inguruko ikerketa sustatzea eta diasporaren hauspotzea, hain zuzen ere.

Katedra berriei buruzko xehetasunak emateko prentsa agerraldia egin dute Donostiako Tabakaleran Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak eta Elbira Zipitriaren lankide eta lagun izandako Mari Karmen Mitxelena eta Alan R. Kingen zenbait senitarteko.

Katedra berriok Etxepare Euskal Institutuaren hainbat lan esparrurekin lerrokatuta daudela esan du Larrazak, eta etorkizunera begira, ekarpen garrantzitsua egin dezaketela ikerketaren esparru desberdinetara.

Batetik, Quebeceko McGill Unibertsitatean zabalduko den Elbira Zipitria katedrak 2018. urtean Montrealen sinatutako hitzarmenean du jatorria. #SaisonQuebecPaysBasque programazio bereziaren testuinguruan zabalduko da, irailean. "Orduan, euskal ikasketetan berrikuntza sozialean sakontzeko konpromisoa hartu genuen, eta orain jarriko dugu abian programa akademikoa", adierazi du.

Bestetik, Larrazak nabarmendu du euskal soziolinguistika nazioarte mailako azterketa akademikorako gai gisa lehenengoz landuko duela Alan R. King katedrak Galesko Trinity Saint David Unibertsitatean. Hizkuntza gutxituen defendatzaile sutsua zen eta 2003an euskaltzain urgazle bilakatu zen Alan Roy King linguista britainiarraren izena hartuko du urrian abiatuko den katedrak, lankidetza akademikoaren bitartez Gales eta Euskal Herriko hizkuntzen eta kulturen elkar ezagutzan sakontzea helburu duena.

FRANK BIDART

Hirugarrenik, eta bertako euskal komunitateak 2019an egindako proposamenari erantzunez, euskal kultura, artea eta berrikuntza sustatuko dituen katedra sortu da California State University Bakersfield unibertsitatearekin elkarlanean. Bertan jaio zen euskal jatorriko Frank Bidart idazle ezagunaren izenarekin, programa datorren azaroan hasiko da.

Horrelako hitzarmenei esker nazioarteko akademian euskal ikasketak lortzen ari diren ikusgarritasuna azpimarratu du Bingen Zupiriak, katedra berriei esker euskal kultura ikusgai egongo baita Quebecen, Kalifornian eta Galesen, "gure hizkuntza eta kultura esparru akademikora eramanez eta bertatik ere zabalduz". "Era berean, euskal eta nazioarteko beste ikertzaile zein unibertsitateekin harremana eta ezagutza estutzeko balioko digute", gaineratu du.

Hiru katedra berriok zerrendara gehituta, orotara 12 izango dira Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko euskara eta euskal kulturako katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira katedrak, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.