Euskal zinema, musika, dantza eta antzerkia Bogotan izango dira datozen hiletan

Bogotan ikusgai izango den euskal zinemaren zikloa
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: lunes, 20 febrero 2023 13:28

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Kolonbiako hiriburu Bogotako hainbat kulturgunek ateak irekiko dizkiote euskal sorkuntzari datozen hilabeteetan Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin, eta bertako ikuslegoak Euskal Herrian egindako zinema, musika, dantza eta antzerkia ezagutzeko aukera izango du, 2022an hasitako ibilbideari jarraipena emanez.

Lehenbiziko hitzordua aste honetan izango da, asteartetik igandera, otsailaren 21etik 26ra, Bogotako Zinematekan egingo den 'Nuevo Cine Vasco' zikloarekin. Azken urteetan euskaraz ekoitzitako lan esanguratsuenetako batzuk ezagutzera gonbidatuko du zikloak, ekuazio sinple batean oinarrituta: ikuspegi, estilo eta gaien aniztasuna.

Aurkeztuko diren filmak lehen aldiz ikusiko dira Kolonbian, 12 emanalditan: 'Erlauntza' (Mireia Gabilondo), 'Amama' (Asier Altuna), 'Black is Beltza' (Fermin Muguruza), 'Oreina' (Koldo Almandoz), 'Handia' (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta 'Dantza' (Telmo Esnal).

Zinemarekin jarraituz, gatazka eta bizikidetza ardatz duten zazpi film ikusi ahalko dira maiatzean Bogotako Zinematekan. Kolonbiako Egiaren Batzordeak eta Arteen Institutu Distritalak antolatutako 'Que haiga paz: campo visual, conflicto y memoria' programa zabalaren parte izango dira filmak. Programazioaren baitan, hilero, elkarrizketa sozialari ekarpenak egingo dizkioten bertako eta nazioarteko ikus-entzunezko lanak aurkezten dira.

Testuinguru horretan, euskal gatazka eta bizikidetzari heltzen dioten zazpi film programatu dituzte: 'La Fuga de Segovia' (Imanol Uribe), 'Yoyes' (Elena Taberna, 2000), 'La pelota vasca (Julio Medem), 'Asier eta biok' (Aitor/Amaia Merino), 'Lasa eta Zabala' (Pablo Palo), 'Negociador' (Borja Cobeaga) eta 'Maixabel' (Iciar Bollain).

ARTE ESZENIKOAK

Arte eszenikoen alorrean Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiak hartuko du lekukoa. 2022an eskainitako 'Ventana Vasca' foku bereziari jarraipena emanez, aurten Tanttaka Teatroa eta Kukai Dantza arituko dira Kolonbiako hiriburuko erreferentziazko kulturgunearen oholtzan.

Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok gidatutako antzerki konpainiak bi lan aurkeztuko ditu apirilaren 25etik 29ra: 'Sexberdinak', Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta protagonista dituen hazkunde pertsonaleko istorioa, eta 'Semea pixka bat motelago
dabil soilik', Ivor Martinic antzerkigile kroaziarraren testu arrakastatsuan oinarritutako muntaia.

Kukai taldeak, berriz, 'Desde mi txoko' eta 'Yarin' lanak taularatuko ditu abuztuaren 22etik 26ra. Lehenbizikoan, Jon Maya dantzariak bere alderdirik intimoena erakusten du, dantza tradizionaletik dantza garaikidera doan bidaian; 'Yarin'-ek, aldiz, kulturen arteko topaketa proposatzen du, zeinetan Jon Maya dantzaria eta Andres Marin bailaorea topatzen diren, Julen Achiary-ren zuzeneko musikaz lagunduta.

MUSIKA

Musikari dagokionez, Bime Bogota egingo da bigarren aldiz, maiatzaren 3tik 6ra. Bilbon egiten den musika industriaren nazioarteko topaketaren Amerikako edizioan, Oreka Tx taldeak hartuko du parte Basque.Music plataformak sustatutako 'showcase'-an.

Euskal Herriko musika nazioartekotzeko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten plataforma Kolonbiako hitzorduan egongo da beste behin Latinoamerikaren eta Euskadiren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko asmoz.

CUNDINAMARCA

Bestalde, Kolonbiako hiriburua izateaz gain, Bogota Cundinamarca eskualdeko hiriburua ere bada, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi-Basque Country nazioartekotze estrategiak lehentasunezko eskualde bezala azpimarratzen duenarena, hain zuzen. Jaurlaritzak eta Cundinamarca Departamenduak elkar aditze memorandum bat sinatu zuten 2017an, eta ordutik, Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean dago.

Gauzak horrela, Etxepare Euskal Institutuak Kolonbiako eskualdeko kultur eragile eta profesionalekin loturak estutzeko lanean dihardu. Horrela, iaz hainbat musika, dantza eta antzerki emanaldi antolatu zituen Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiarekin lankidetzan eta Basque.Music plataformak Bime Bogota jaialdiaren lehen edizioan hartu zuen parte.

Gainera, Etxepare Institutuko arduradunek Cundinamarcako hainbat erakunde, azpiegitura, jaialdi eta kulturgunerekin bilerak egin zituzten euskal sorkuntza beste esparru batzuetara ere zabaltzeko. 2023an Bogotako Zinematekan programatu diren euskal zine zikloak burututako lan horren emaitza dira.