Euskalduna Bilbao jauregiak 8,6 milioi eurotik gorako diru sarrerak izan ditu 2024an

Archivo - Euskalduna Bilbao
MITXI - Archivo
Actualizado: miércoles, 5 marzo 2025 16:29

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Euskalduna Bilbao biltzar eta musika jauregiak 8,6 milioi eurotik gorako diru sarrerarekin itxi du 2024. urtea, eta horrela, 25. urteurrena ospatu duen urtean, mugarri hori lortu du lehen aldiz, Iñigo Iturrate Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak iragarri duenez.

Eragin ekonomikoari egindako ekarpena ere nabarmena izan da, 108 milioi eurotik gorakoa izan baita (108.476.326,60 euro), 11,392 milioiko zerga bilketarekin eta 1.524 lanpostu jasangarri mantenduz.

"Datu hauek bertako, estatuko eta nazioarteko MICE negozioa egoera onean dagoela berresten dute, Euskalduna Bilbaok sektore honetan duen lidergoa sendotzeaz gain", adierazi du Iturratek.

Euskalduna Bilbaok 400.000 bisitari baino gehiago jaso ditu 2024an, hau da, aurreko urtean baino %11 gehiago. Antolatutako ekitaldien kopuruak ere gora egin du, eta 719 izan dira, %90eko okupazioarekin. Horiek dira, besteak beste, diru sarreren atalean 2023ko erregistro historikoa %8 gainditzea ekarri duten faktoreetako batzuk.

Gainera, urrian, azaroan eta abenduan milioi bat euroko muga gainditu zen diru sarreretan, eta elkarren segidako hiru hilabetetan gertatu den lehen aldia izan da, "beste mugarri bat Euskalduna Bilbaoren historian".

Meetings and Events (M&E) jarduerak 4.135.118 euroko sarrera errekorra izan du, orain arte lortutako erregistrorik onena hobetuz (iazkoa), eta lehen aldiz lau milioi euroak gaindituz.

M&E sektorean egindako 364 ekitaldietatik 26 nazioartekoak izan dira. Aurreko urtearekin alderatuta hazi egin dira biltzar hauek, eta "garrantzi handia" izan dute fakturazio mailan (%34).

Mota eta tamaina guztietako ekitaldiak eguin dira, eta sei biltzar 1.000 pertsonatik gorakoak izan dira. Sektore sortzaileen artean, enpresa, erakunde eta elkarte ekitaldiak izan dira nagusi, eta osasun arlokoak, teknologikoak, jasangarritasunarekin zerikusia dutenak eta dibulgaziokoak ere antolatu dira, besteak beste.

KULTURA

Euskalduna Bilbaon 2024an egindako kultur ekitaldiak ere ugaritu egin dira aurreko urtekoekin alderatuta: 355 emanaldi izan dira, pasa den urtean baino zazpi gehiago. Fakturazio osoaren %33 ekarrio dute, ia hiru milioi euroko diru sarrerarekin, ia %10eko igoera aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

Erakundeak ekoizpen propioaren aldeko apustua egiten jarraitu du, eta 2024an mota ezberdinetako 44 ekitaldi ekoitzi ditu. Ildo horretan, nabarmentzekoak izan dira Aste Nagusian eta Gabonetan egindako haurrentzako euskarazko jarduerak, organo kontzertuen zikloa, 'Euskalduna Klub' gune irekia eta doako bisita gidatu antzeztuak, besteak beste.

Edonola ere, 2024ko ekoizpen propioko ekitaldirik nabarmenena Euskalduna Bilbaoren 25. urteurrena ospatzeko 'Bake Soinuak' gala izan zen. Ikuskizun honetan Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Koral Elkarteak, Asier Etxeandiak, Izarok eta Hortzmuga antzerki konpainiak parte hartu zuten, Iker Sanchezen zuzendaritzapean.

Galaren helburua Euskalduna Bilbao biltzar eta musika jauregiaren zilarrezko ezteiak ospatzea izan en, eta, aldi berean, nazioarteko egoeraz jabetuta, bakearen aldeko mezua zabaltzea.

BALIOAK

Euskalduna Bilbaok kultura herritar guztiei hurbiltzearen aldeko apustua egin du, eta doako sarrera sortak eman dizkie egoera zaurgarrian dauden eta normalean kultur emanaldietara sartzeko aukerarik ez duten kolektiboei.

Gainera, eraikinak beharrezko irisgarritasun neurriak ditu, behar dituzten pertsonek joan ahal izan dezaten eta bertaratzen diren ekitaldiez berme osoz goza dezaten.

Jasangarritasunari dagokionez, emaitza onei esker, Euskalduna Bilbaok eraikinean energia aurrezten lagunduko duten neurriak ezartzen jarraitu ahal izan du. Guztietan nabarmenena teilatuan 711 plaka fotovoltaiko jartzea izan da, urtean 437.535,73 kWh aurreztea ekarriko duena.

Euskalduna Bilbaok energia berriztagarriak bultzatzeko eta eraginkortasun handiagoa bilatzeko duen estrategiarekin bat dator ekimena, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuen gomendioak jarraituz.

Azkenik, antolatzaile eta bertaratuek adierazi duten asebetetze mailagatik ere nabarmendu da Euskalduna Bilbao. 2024ko emaitzen txostenak Ikerfel enpresak egindako inkestaren datuak biltzen ditu, publiko eta bertaratuen, bezero eta enpresa sustatzaileen gogobetetze indizea neurtu ondoren.

Bada, MICE eta kultura eta ikuskizunen esparruko batez besteko puntuazioa 4,53 izan da 2024an, gehiengo kalifikazioa 5 izanik. Gainera ikusleen %94k "positibotzat" edo "oso positibotzat" jo ditu ikuskizunak, eta %95ek Euskalduna Bilbaora joatea gomendatu du.

Contador

Leer más acerca de: