DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)
Iñaki Sagarna eta eta Lander Aranberri ikerlariek irabazi dute Tene Mujika beka, euskaldunek Israel-Palestina auziaren aurrean izan duten bilakaera aztertzen duen proiektu batekin: 'Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean'.
Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak (Gipuzkoa) eta Elkar argitaletxeak antolaturiko bekak.
Bada, bere arduradunek jakinarazi dutenez, aurten aurkeztutako proiektuen artean, Sagarnarena eta Aranberrirena eman du irabazletzat Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango dute lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
'Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean' proiektuan egileek aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak, bere espresio politiko desberdinetan, nola ikusi izan duen gatazka hori, Israelgo estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara.
Arreta berezia eman nahi diote kultur munduari, hebreeraren biziberritzeak "lilura eta jakin-min galantak" sortu baitzituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibbutz-en mugimenduak ere.
Iñaki Sagarna (Deba, 1995) Historian graduatua eta masterduna da, eta ikerketak egiteko hainbat sari eta laguntza jaso ditu. Lander Aranberri (Deba, 1996) Zuzenbidean graduatua da, Abokatutzan eta Nazioarteko Ikasketetan masterduna, eta hainbat argitalpenetan nazioarteko gaietan kolaboratzen du.