Euskaldunentzako Jabetze Eskola azaroaren 27an hasiko da Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean

Archivo - Izaskun Arrue Kulturgunea
LAZARRAGA KULTUR ELKARTEA - Archivo
Actualizado: jueves, 14 noviembre 2024 10:41

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Lazarraga Kultur Elkarteak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak Euskaldunentzako Jabetze Eskola jarri dute martxan ikasturte honetan Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, eta lehen saioa azaroaren 27an izango da. Euskaldunentzako beharrezkoa den hausnarketa, ahalduntze eta artikulaziorako baliagarri izatea du helburu, eta Gasteizko kultura-proiektu euskaltzalearen aro berri bati hasiera eman nahi dio.

Urriaren 30ean eskolaren aurkezpena egin ondoren, matrikulazio epea zabalik dago azaroaren 25era arte, UEUren webgunean. Lehenengo saioa azaroaren 27an egingo da, eta 2025eko maiatzera arte luzatuko dira. Saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du eta gaian interesa duen edonori zuzenduta dago. Dinamizazio lanetan Manex Agirre arituko da.

Lazarraga Kultur Elkartetik adierazi dutenez, "Euskal Herriko feministek aspaldi erakutsi bezala, beharrezkoak eta eraginkorrak dira Jabetze Feministarako Eskolak, ahalduntze eskolak, alegia; eta han eta hemen, ingurumari ezberdinetan, barreiatuak daude, emakumeak feminismoan jabetzen eta mugimendu feminista bera ahalduntzen eta indartzen. Beraz, euskaldunek badute nora begiratu, eta nondik ikasi".

Bada, hausnarketa horietatik tiraka, Lazarraga Kultur Elkarteak Euskaldunentzako Jabetze Eskola jarriko du martxan Izaskun Arrue Kulturguneko programazioaren baitan, UEUrekin batera. Gasteizko eta inguruetako euskaldunek beren burua janztea, euskararen normalizazioak eta biziberritzeak alor ezberdinetan behar dituen funtsezko gakoak adituengandik zuzenean ezagutzea, euskalgintzan egiten diren sareko eragileen hausnarketak partekatzea eta euskararen soziolinguistikan sakontzea lortu nahi da.

Manex Agirrek dinamizatuko ditu saioak, eta eskolaren edukiak hiru bloketan banatuko dira, hiruhileko bakoitzean gai bat, alegia: hausnartzea, pentsamolde zaharrak berritu eta berriak barneratzeko; ahalduntzea, euskararen biziberritzean hainbat esparrutatik eragiten diren proiektuak ezagutu, ulertu eta jabetzeko; eta artikulatzea, garai berriek eragiteko esparru ezberdinak dakartzatenez, ekosistema euskaltzalearen ere bere aliantza sarea berritzeko. Saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du (18:00-20:00), eta gaian interesa daukan edonori zuzenduta dago.