BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindia Argia ikastolan izan da ostiral honetan, Tuterako ikastolak antolatuko baitu aurtengo Nafarroa Oinez, urriaren 20an, eta bere "babes osoa" eman dio, "irakasle eta gurasoek euskararen alde egiten duten lana izugarria baita".
Nafarroia Oinez kudeatzeko 1.000 boluntario behar dituzte ikastolan. "Asko batu zaizkigu jada, Euskal Herriko toki guztietatik deitzen ari dira, baina gehiago behar ditugu", aitortu du Argiñe Korta Argia ikastolako zuzendariak.
Maru Eriz kooperatibako lehendakariak eta Argiñe Kortak gidatuta, ikastola bisitatu dute euskaltzainek. Bertan, gelak ezagutu eta irakasleekin hitz egiteko aukera izan dute, baita gaztetxoen galderak erantzuteko beta ere.
"Euskaltzaindiaren babes osoa dauka ikastolak, Argiako irakasle eta gurasoek euskararen alde egiten duten lana izugarria baita. Ausardia handia daukate eta ilusioz gainezka ikusi ditugu. Eredugarria da beraien jarrera", esan du Sagrario Aleman euskaltzain nafarrak.
185 ikasle ditu ikastolak, eta, besteak beste, zorrak kitatzeko baliatuko dituzte urriaren 20ko diru sarrerak. "Gure helburuak bi dira: aurretik eginiko berrikuntzak ordaindu eta ezarri nahi dugun hezkuntza plan berri batek eskatzen dituen baliabideak eskuratu", azaldu die Kortak euskaltzainei.
Opari trukaketa egin ostean, talde argazkia atera dute euskaltzainek Argiako ikasle eta irakasleekin. Handik Tuterako erdigunera joan dira, Alejandro Toquero alkatearekin eta Merche Añón Kultura zinegotziarekin egotera; azkenik, Euskaltzaindiaren zuzendaritzak Tuterako Museoan egin du iraileko batzarra.