BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak bat egin du hikako moldea bultzatzen dabiltzan ekimen guztiekin, eta lagunartean euskaraz egiteko eta lagunarteko hizkera informalari indarra emateko molde egokia dela nabarmendu du.
Euskararen Akademiak ostiral honetan plazaratu duen adierazpen batean esan duenez, euskararen ezagupena duen orok jakin badaki euskarak badituela mintza-molde edo tratamendu batzuk solaskideari erakutsi nahi zaion errespetuaren eta harremanaren hurkotasunaren araberakoak: berorika, zuka, xuka eta hika.
Bada, Euskaltzaindiarentzat, horietan guztietan hikako moldea da euskarak duen adizkera alokutibo nagusia, lagunarteko hizkeran bereziki erabilia.
"Elkarri hika egiten dioten solaskideek elkarren arteko hurbiltasuna eta konfiantza estutzen dute hiztunen arteko zilbor-hestea sortuz. Hitanoa, euskararen bilakaeran, senidetasun eta lagunarteko harremanen mintza moldea dela, bereziki solaskideen arteko adiskidetasun giroko hizkera informalean erabilia", azaldu du.
Hikako aditz jokabideak "Euskal Herriko zenbait eskualdetan eta garai bateko hiztunen ahotan gaur egun baino garai hobeak" ezagutu dituela adierazi du Akademiak, nahiz eta, oraindik ere, "bizi-bizirik" dirauen "Euskal Herriko zenbait eskualde eta txokotan, euskaldun jendeak bizirik eusten diolako eta komunikazio molde baliagarria duelako".
Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak aldarrikatu du hikako moldea egokia dela lagunartean euskaraz egiteko eta lagunarteko hizkera informalari indarra emateko, eta horregatik, bat egin du "hika moldea han-hemenka bultzatzen dabiltzan ekimen guztiekin".