Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak Jose Manuel Etxeita omenduko dute

Actualizado: martes, 30 junio 2015 17:00

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Aurten bete dira 100 urte Jose Manuel Etxeita idazle mundakarra hil zela eta, hori dela eta, uztailaren 10ean, bere omenezko jardunaldia egingo dute Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak. Omenaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, herri bizkaitarreko Juan Tribisarrospe Kultura Etxean, eta egun berean, 13:30ean, Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak ere bilera egingo du.

   Akademiak jakinarazi duenez, Etxeita omentzeko ekitaldia Aitor Egurrola Mundakako alkatearen sarrera hitzekin hasiko da, eta jarraian, Jon Kortazarrek ("Josetxo eta Etxeitaren biografia") eta Ana Toledok ("Ardibasotik Ardibasorako joan-etorria") hitzaldi bana eskainiko dute. Andres Urrutia euskaltzainburuaren agur hitzekin bukatuko da ekitaldia.

   Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga 1842ko abenduaren 13an jaio zen Mundakan. Gaztetatik ibili zen itsasoan, eta gerora Bilbora joan zen Nautika ikastera. Pilotu titulua eskuratuta, mundu zabaleko itsasoetan ibili zen hainbat urtetan.

   Manilan (Filipinak) 16 urte eman zituen Larrinaga y Compania etxekoekin lanean. Han, besteak beste, Kaia Batzordeko partaide izan zen, baita Filipinetako Administraritza eta Tabako Elkarteko aholkulari eta Itsas Bazkuneko zuzendari eta Merkataritza Ganbarako lehendakari ere. Manilako alkate izatera ere iritsi zen.

   Hala ere, Mundakara bueltatzea erabaki zuen, eta hor geratu zen betiko. Bertan, itsas astronomia, musika eta euskara lantzeari ekin zion. Idazle oparoa izan zen eta ipuinak, olerkiak, eleberriak eta itzulpenak egin zituen, eta kazetari jardun zuen. Bere lanik ezagunenak "Josetxo" (1909) eta "Jayoterri maittia" (1910) nobelak dira.

   Horiez gain, "Mari-Jesus ta Iru artzañak" ipuina (1908); "Oroitzapenak" nobela; "Ziñistuten dot Jaungoikoa'gan" itzulpena (1914); "Urikoa" komedia (1914) eta "Itsasoa" (1912) eta "Au, ori ta bestia" (1914) olerkiak idatzi zituen. Mundakan hil zen, 1915eko maiatzaren 1ean.

   Jose Manuel Etxeita omentzeko egitaraua joan den ekainaren 10ean hasi zen Mundakan. Egun horretan ekitaldi bi egin ziren: batetik, Edorta Jimenez idazleak "Etxeitaren negua Irlandan" izeneko hitzaldia eman zuen; bestetik, "Jose Manuel Etxeita, 100 urte" erakusketa zabaldu zen. Abuztuaren 10a arte egongo da zabalik, idazle omenduaren izena daraman Udal Liburutegian.