Euskaltzaindiak euskara sustatzeko hainbat egitasmo bideratuko ditu Nafarroan

Ana Ollo eta Andres Urrutia
EUSKALTZAINDIA

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeen arteko 2024ko lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan Iruñean. Akordioren zenbatekoa 200.000 eurokoa da guztira eta Euskararen Akademiak foru erkidegoan euskara garatzeko, aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena ematea izango du helburu.

Zehazki, Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez finantzatuko ditu 'Euskaltzaindia eta Nafarroa' eta 'Blas de Fagoaga Ariztia irakaslea eta euskaltzaina' aleen edizioak; Onomastika Batzordean jasotako kontsulten txostenak eta izapideak egitea; musika emanaldi bat (Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' obraren gainean DANSERIE taldeak prestatutakoa) eta hiru erakusketa ibiltari ('Euskara ibiltaria', 'Pirinioetako hizkuntzak' eta 'Euskara Ezkabarten'). Era berean, oikonimiaren analisia diruz lagunduko da, hau da, Ollarango etxeen izena aztertzeko egitasmoa.

Andres Urrutiak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du bere mintzaldian, baina batez ere Akademiak Nafarroan egiten duen sustapen lana nabarmendu nahi izan du. "Aurrekoetan bezala, ekimenetarako hitzarmena dugu hau, hain zuzen, Nafarroan hainbat egitasmo eta lan bideratzeko, euskara sustatzeko eta prestigiatzeko. Euskaltzaindia aholku-emaile ofiziala da Nafarroan euskarari dagokionez, eta Akademian bertan ere pisu nabarmena dute euskaltzain nafarrek", esan du.

Ana Ollo eta Andres Urrutia pozik agertu dira ekitaldian, eta biek azpimarratu dute erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela Nafarroan euskarari hauspoa eta prestigioa emateko. Sinatzeko ekitaldian Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Jagon sailburua eta Paskual Rekalde euskaltzain osoa ere izan dira.