Euskaltzaindiak hiztegia eguneratu eta 431 forma berri jaso ditu azken sei hiletan

Euskaltzaindiaren Hiztegia
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 8 julio 2022 13:01

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak hiztegia eguneratu du sarean (euskaltzaindia.eus) eta 431 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan: 29 sarrera eta 402 azpisarrera. Era berean, 1.322 forma moldatu edo findu ditu (1.158 sarrera eta 174 azpisarrera).

Euskararen Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2022ko lehen urte erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu orain sareratu den eguneratzeak.

Hartara, azken sei hilabeteotan 431 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 29 sarrera eta 402 azpisarrera. Era berean, 1.322 forma moldatu edo findu ditu: 1.158 sarrera eta 174 azpisarrera.

Hain zuzen, oraingo aldian hortxe egin da ahalegin nagusia, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak azaldu duenez: "Eguneratze honetan, forma berriak biltzeaz gain, adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak (irudizkoak, esapideak, adibide azalduak) bistaratzen saiatu gara".

Izan ere, hitz berriei erreparatzeaz gain, lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ahalegin handiak egiten ditu hiztegiko lantaldeak. "Eta lan hori ez da inoiz amaitzen", gaineratu du.

Sarrera eta azpisarrera ugari gehitu zaizkio hiztegiari, besteak beste, buruloka, deliberatu, mastektomia, superni, superego, azidoak -familia osoa-, arteria koronario, euskal etxe, gas natural, golde-etxe, goiz beranduan, kafe huts, plater zapal, orkestra filarmoniko, esku on, plazebo-efektu, edo zaharren egoitza.

Edonola ere, bestelako kontuak landu dira bereziki azken sei hilabeteotan; esaterako, irudizko erabilerak kendu eta adierak definitu dira, eta argiagoa eta gardenagoa da orain adiera banaketa. Bestetik, adibide azalduak bistaratu eta horietako askorekin azpisarrera berriak egin dira.