Euskaltzaindiak Mintzola mintegia antolatu du urriaren 16rako Donostian

Luis Villasante Euskararen Ikergunea
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 4 octubre 2024 14:07

DONOSTIA 4 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Mintzola mintegia antolatu du urriaren 16rako, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Donostian, iaz abiatutako ibilbideari jarraituz. Goiz bakarreko jardunaldian, 2024ko ikerketa sarien deialdietan sarituak izan diren ikertzaileek euren lanen emaitzak jendaurrean azaltzeko aukera izango dute, bai gradu eta master amaierakoak, bai monografikoak. Gainera, Arikala egitasmoa eta Eñaut Agirreren 'Ahozko hizkeraren ezaugarriak' azterlana ere aurkeztuko dira.

Mintegia Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du, eta irekia eta doakoa da; nolanahi ere, ezinbestekoa da aurrez izena ematea 943 428 050 telefono zenbakira deituta edo donostiaordez@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.

Aurtengo ikerketa sarien deialdietan saridun izan diren lanak dira 'Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa' (Garazi Dominguez), 'Euskal hizkeraren erritmoa' (Maddi Ormazabal), 'Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz' (Odei Guirado), 'Nokaren higatzea Ortzaizen' (Ana Jaunarena) eta 'Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua' (Oihana Lujanbio).

Halaber, deialdietara aurkeztu ez arren, Akademiak Maddi Kintana gonbidatu du 'Gazteen hizkera BAM eta inguruan' izenburupean ondu duen ikerketaren nondik-norakoak azal ditzan, master amaierako bere lanak bete-betean erantzuten diotelako Mintzolaren ikergaiei eta interesekoa delako arloari buruzko ikuspegia osatzeko.

Lan horiez gain, beste erakunde eta ikertzaile batzuekin elkarlanean abitutako azterketen berri emango da mintegian: batetik, Arikala, lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza ikerketa (Ikastolen Elkartearekin eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan), eta, bestetik, 'Ahozko hizkeraren ezaugarriak' Eñaut Agirreren azterlana.

Contador

Leer más acerca de: