Euskaltzaindiak Mintzolaren ikerketa sarien 2025eko deialdiak egin ditu

Archivo - Mintzola mintegi bat
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: jueves, 10 abril 2025 13:47

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren ikerketa sarien 2025. urteko deialdiak argitaratu ditu. Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko xedea dute deialdiek, eta Euskararen Akademiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko lankidetzan bideratzen ditu sariak.

Ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu Mintzolak 2022. urtetik, eta, honela, azken hiru urteotako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko hamar gradu eta master amaierako lan sarituko dira, bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda (beraz, iaz baino bi sari gehiago); bigarrenean, aldiz, ikerlan monografikoak hartuko dira kontuan eta bi sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.

Gradu eta master amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkez daitezkeen egitasmoak 2024-2025eko ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta mezu elektronikoz bidali beharko dira mintzola@euskaltzaindia.eus helbidera. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea apirilaren 30era artekoa da (hautatutako ikerketa lanak eginda entregatu beharko dira irailaren 30a baino lehen).

Ikerketa lanen deialdiari dagokionez, ikerketa lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko asmoz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkez daitezke. Nolanahi ere, unibertsitate irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte izango da zabalik (hautatutako ikerlanak eginda entregatu beharko dira 2026ko otsailaren 27a baino lehen).

HARROBIA

Jon Sarasua Mintzola egitasmoaren zuzendariak adierazi duenez, "Mintzolak egindako sari deialdietan ikusi duguna da badagoela harrobia, zainduz gero fruituak eman ditzakeena".

"Gradu eta master mailetako lanak izateko, maila oso aipagarria erakutsi dute lan askok, kode-alternantziaren gaian, hitanoaren gaian, euskalkien gaian eta hizkerari lotutako beste hainbat adarretan. Ikertzeko gaitasuna eta gogoa erakusten duten gazteei bidea egiteko aukerak irekitzen asmatu behar dugu", azaldu du.

Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiaren hitzetan, "Mintzola jaio zenean, bi helburu ziren sortu zutenen pentsamenduan. Batetik, euskarazko ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izatea, eta, bestetik, gizarteak dituen ahozko komunikazio premiei erantzun egokia ematea. Deialdi hauek bete-betean gauzatzen dute sorrerako helburu bikoitza".

Contador