Euskaltzaindiak 'Noeren ontzia' atari digitala plazaratu du, memoria literario komun bat osatzeko asmoz

'Noeren Ontzia' Atari Digitalaren Azala
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 27 junio 2024 15:50

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 'Noeren ontzia' atari digital berria jarri du euskal gizartearen esku, memoria literario komun bat osatzeko helburuarekin. Atariak garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu, euskaraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarriak, eta sei ataletan banatuta: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, irakurleak gaurko grafiaz eta morfologiaz aurkeztuta aurkituko ditu testuak, eta jatorrizkora jotzeko aukera ere izango du. Testuok sarean egongo dira, profesionalki editatuta, argazki edo bestelako irudiekin ilustratuta, bertsio musikal batera edo film batera eramango duten estekekin hornituta, eta etiketatuta erabiltzailea erraz irits dadin.

DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta diseinatu da batez ere, baina baliagarria izan nahiko luke unibertsitateko ikasleentzat eta euskaltegi zein hizkuntza eskolentzat, baita ikasmaterialak prestatzen diharduten berritzegune eta argitaletxeentzat ere, edota irakurketa plana hornitu nahi duten ikastetxeentzat.

Bestalde, euskaldunon bizimodua zer izan den jakiteko kanpotarrek gutaz idatzi dutenari erreparatu beharra dagoenez, hori ere jasoko da 'Noeren ontzia' atarian.

Beraz, genero guztietako idazki mota asko jasoko ditu atariak, eta ez literarioak bakarrik, elkarrizketak, testigantzak, gutunak, bando, panfleto edo mitin zatiak edota prentsa artikuluak ere sartu direlako.

HELBURUAK

Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak adierazi duenez, "irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen 'Noeren ontzia'-n, gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara".

"Gure literatura ondarea, eta kultura ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza komunitatearen eskura", gaineratu du.

Hortaz, bere hitzetan, atari digital berriaren helburuak argi daude: "Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, sakonagoko zerbait adierazten duelako".

Beste helburu bat irakurmenarekin estuki lotua dago. Garikanok azaldu duenez, "denok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emaitzak kaskarrak izan direla irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu zuen 'Heziberri 2020' hezkuntza eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, askotariko testuak nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa-plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren".

"Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: askotariko testu horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, 'Noeren ontzia'-n jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak", argitu du.

Testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere garrantzi berezia du proiektu berrian (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak). Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak.

"Bai, bestelako erremintak ere izango dira. Behin entzun nion ikasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta kutxa bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, 'Noeren ontzia-ko testu asko multimodalak izango dira", azaldu du.

Contador