Euskaltzaleak aktibatu eta saretzeko proposamen berriak aztertuko dituzte urtarrilaren 30ean Bilbon

Taupada jardunaldia
TAUPA
Actualizado: jueves, 16 enero 2025 12:45

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Taupada jardunaldia antolatu du urtarrilaren 30erako, Bilbon, euskaltzaleak aktibatzeko eta saretzeko proposamen berriak aztertzeko helburuarekin.

Topaketa Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo da, 09:30etik 14:15era, eta euskalgintza osoari irekita dago. Izen-ematea taupamugimendua.eus/taupada/ webgunean egin behar da, Taupa Euskaltzaleen Mugimendutik jakinarazi dutenez.

Antolatzaileen arabera, 2001tik orain arte Topaldia bezala ezagutu dena "ezinbesteko hitzordu" bihurtu da mugimenduko euskalgintzako eragileen formakuntza, elkartruke eta hausnarketarako.

Jardunaldiaren helburu nagusia euskaltzaleen mugimenduarentzako interesekoak diren gaien gainean hausnarketa egitea da, baina baita barne gogoetarako tresnak eskaintzea, kanpoko eragileekin eta lagunekin elkartrukerako espazio bat bideratzea edota ezagutza sortu eta partekatzea.

Bada, orain, Taupada jardunaldia da Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatuko duen tartea. "Ekintza, jarduera eta gogoeta elkarri oso lotuta dauden elementuak dira gainera, eta ikuspegi horretatik bideratu nahi izaten da Taupadako egitaraua urtero norabideari buruzko hausnarketa, esperientzien transmisioa eta bizipenen kontakizuna uztartuz", azaldu dute.

Aurtengo edizioan, sare nazionalez eta tokikoez, autonomiaz eta interdependentziaz, eta elkarrekin egin daitekeenaz hitz egingo da. "Euskarak euskaltzaleak behar ditu, euskararen alde egingo duten herritarrak aktibatzea behar du, eta horretarako, antolatu eta saretzeko modu eta proposamen berriak behar dira", nabarmendu dute.

GALDERAK

Horrela, Taupada jardunaldian hainbat galderen inguruan hausnartzea proposatuko da, hala nola zer lortzeko gai ginatekeen milaka euskaltzale ahaldunduta, aktibatuta eta saretuta bageunde; zergatik aktibatuko diren milaka euskaltzale; non aktibatu genitzakeen euskaltzaleok; nolako gobernantza eredua beharko lukeen milaka herritarrez osatutako sareak.

Galdera horiei erantzuna ematen saiatzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguruz osatutako egitaraua prestatu dute Taupa Euskaltzaleen Mugimendutik, eta Jon Zabala EHU Euskal Herriko Unibertsitateko doktoregaia, Leticia Garcia eta Eneritz Garro Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Xabier Harluxet BIZI mugimenduko kidea eta Igor Ahedo EHUko doktorea izango dira parte hartzaileak.

Taupada jardunaldian parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea taupamugimendua.eus/taupada/ webgunean, eta interesa duen eragile zein norbanako orok egin dezake.