GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutu berriaren inguruko azalpenak eman ditu astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, institutuaren zuzendari Josune Zabalarekin batera, eta nabarmendu du "euskara eta euskal kultura ardatz dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat" eraikitzen lagunduko duela.
Hezkuntza Sailaren mendeko organo berria ikasgeletan praktika pedagogiko eraginkorrak ezartzeaz, euskararen erabilera aktiboa sustatzeaz eta irakasleak prestatzeaz arduratuko da, besteak beste.
"Euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat eraikitzen lagunduko du", ziurtatu du Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.
Gainera, euskara eta gaztelania menderatzeaz gain, gutxienez atzerriko hizkuntza bat "ondo ezagutzea" ere sustatuko du, eta bide horretan hezkuntza komunitateko irakasleak, ikasleak, hezitzaileak, langileak eta udalerriak institutuaren jardunean eragile izango dira.
Pedrosaren arabera, hizkuntza gaitasunari dagokionean, gero eta emaitza hobeak lortzea da euskal hezkuntza sistemaren helburua, eta, horregatik, albiste ontzat jo du "euskarak eta gainerako hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzarekiko ardurak leku berezitu bat izatea Hezkuntza Sailean hemendik aurrera".
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Intitutuaren sorrera 17/2023 Legearen 90. artikuluan aurreikusi zen, eta etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko Eusko Legebiltzarraren 2022ko apirilaren 19ko osoko bilkuraren erabakian ere adostu zen.
Orain, "espazio eta denbora gehiago, gogoeta eta praktika gehiago, jakintza eta baliabide gehiago eraiki zein eskaintzeko", Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortu izana goraipatu du Pedrosak.
"Berri on eta pozgarria da hau gure hezkuntza sistemarentzat, eta berri oso ona da gure gizarte kulturanitz eta eleanitzarentzat ere", nabarmendu du.
Gaineratu duenez, "hezkuntza sistema gero eta anitzagoa den neurrian, erronka berriak jarri dizkigu, eta une honetan, euskal hezkuntza eleaniztuna zein kulturartekoa lortzea da geure buruari jarritako erronka".
Horrela, institutuaren helburuak lortzeko, hurrengo ikasturteetan irakasleen etengabeko prestakuntza ardatz nagusia izango dela iragarri du. Lantalde espezializatuen eskutik, ikastetxeetako hizkuntza proiektuen nondik norakoa zehaztuko duen dekretua proposatuko du aurten eta pedagogia eta antolaketa eraldaketa ere abiaraziko du.
Institutuak zeharkakotasunez eragiteko ahalmena izango du, eta elkarlana eta elkarreragina sustatuko du Hezkuntza Saileko sailburuordetza eta zuzendaritza guztiekin batera.
Horretarako, lau lan eremutan jardungo du: Prestakuntza eta aholkularitzan, Hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketan, Euskararen normalizazio eta hizkuntzaren didaktikan eta Ikerketa, dokumentazioa eta hedapenean.
BIZIKIDETZA ETA ANIZTASUNA
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean egindako agerraldian, Pedrosak gogorarazi du euskararen auzia hezkuntzan bizikidetzaren eta aniztasunaren eremuan kokatu zela.
"Euskal hezkuntzak, batez ere euskalduntzeari eta inklusio politikei dagokienez, errealitate berri baten funtzio eraldatzailea eta egituratzailea bete izan du azken hamarkadetan", oroitu du.
Ildo horretatik, bere hitzetan, "hezkuntza sistema gero eta anitzagoa den neurrian, erronka berriak jarri ditugu, eta, une honetan, euskal hezkuntza eleaniztuna zein kulturartekoa lortzea da geure buruari jarritako erronka".
Beraz, eleaniztunaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik, beharrezkotzat jo du inklusioan aurrera egitea, euskara ardatz nagusi dela.
Pedrosak esan du "gero eta errealitate anitz eta konplexuago baten aurrean" gaudela euskararen soziolinguistikari dagokionean. "Aurrerapenak aurrerapen, ikasleek euskara eta euskaraz ikasteaz harago, behar berriak sortu dira hezkuntzan ere: kulturarteko hezkuntza, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa, ahozko hizkuntzaren gaitasun nahiz erabilera, ezagutza-praktika soziolinguistikoak", azaldu du.
Bada, erronka horien aurrean, hezitzaileak eta irakasleak prestatzearen garrantzia nabarmendu du, eta euskararen erabilera errazteko, eskola komunitatea motibatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko proposamen berritzaileak ekarri behar direla. "Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua horri guztiari erantzuna ematera dator", esan du.