Euskarak 2023an Hego Euskal Herriko zinema aretoetan izan duen presentzia ez da %2,5era iritsi

Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz egitasmoko bozeramailea.
HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Euskarak 2023. urtean Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan izan duen presentzia %2,48koa izan da, Zinemak Euskaraz ekimenak egin duen neurketaren arabera. Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko egitasmoak eta horren partaide den Zinemak Euskaraz ekimenak 2023an Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu dituzte.

Bada, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz egitasmoko bozeramaileak astearte honetan Donostian eskaini duten prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, "datuak gordin bezain kezkagarriak" dira, euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez baita %2,5era iritsi.

Horrela, Paul Urkijoren 'Irati' izan da 2023an zinema aretoetan euskaraz estreinatu den fikziozko filma bakarra, urte osoan zehar ez baita euskarazko fikziozko film gehiagorik estreinatu, euskarazko hainbat dokumental eta haurrentzako nazioarteko film batzuk euskarara bikoiztuta estreinatu badira ere.

Orotara, gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita 564 film estreinatu dira; euskaraz, aldiz, 14 izan dira, eta horietatik lau besterik ez dira jatorriz euskarazko bertsioan eskaini: Urkijoren 'Irati', Ander Iriarteren 'Karpeta Urdinak' dokumentala, Iratxe Fresnedaren 'Tetuan' dokumentala eta Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2019-2023' dokumentala (Zinema Euskaraz programaren bitartez euskarara bikoiztuta eskaini diren haurrentzako filmak izan dira gainerakoak).

Beraz, zenbatetsi dutenez, estreinaldien %2,48 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Horri gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten emanaldi kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela, eta, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza %1 baino txikiagoa izango litzateke. Ipar Euskal Herriko egoera, berriz, "askozaz ere okerragoa dela pentsa daiteke", datu zehatzik eskuratu ez den arren.

Halaber, haur txikiei zuzendutako euskarazko baliabide gehiago eskaintzen diren arren, adin batetik aurrera aisialdia gaztelaniaz jasotzera bideratzen dira, eta beraz, orain hartzen ez diren neurriek hurrengo belaunaldien ohiturak ere baldintzatzen dituztela ohartarazi dute.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren eta Pantaila Euskaraz egitasmoaren arabera, "nekez" uler daiteke bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, "herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubideak mugatzea".

Gogorarazi dutenez, euskararen erabilera normalizatzeko EAEko 10/1982 Legeak bere hirugarren kapituluan dioenaren arabera, "Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino", besteak beste, "zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan" (25. artikulua). "Legeak 40 urte egin ditu, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen", salatu dute.

Halaber, Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio, eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio estatuei dagokiela "beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da".

ERAKUNDE PUBLIKOEN ARDURA

Horrela, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskaraz-ek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinema aretoetan ere babesteko neurriak hartzea.

Haien iritziz, "beharrezkoa" da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, "horretarako eskumenak baitituzte", bai eta euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere.

Izan ere, azaldu dutenez, ikus-entzunezkoek gero eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinema aretoetan estreinatzen diren filmak 'streaming' plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, "filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko".

Bestalde, zinema aretoetan zein bestelako aisialdian kontsumitzaile eta erabiltzaile bezala herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, "beharrezko" ikusten dugu kontsumitzaile eta erabiltzaileen Nafarroako zein EAEko legedietan "neurri zehatzak" planteatzea.

Bien bitartean, Pantailak Euskaraz-ek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzera. Horrekin batera, Zinemak Euskaraz-ek sarean martxan duen sinadura bilketan atxikimendua emateko gonbidapena luzatu diete herritarrei.