BILBO 4 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak XXIX. Jagon jardunaldia antolatu du azaroaren 28rako, 'Euskararaen biziberritzea: arlokako etorkizun ikuspegia (lan mundua eta aisialdi antolatua)' goiburuarekin, Akademiaren egoitzan, Bilbon, eta egitarauak goiz osoa hartuko du, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.
Euskaltzaindiaren baitako Euskararen Gogoetaguneak zeregin bat hartu du datozen urteotarako: euskararen bisio edo etorkizuneko ikuspegia lantzea, eta etorkizuneko ikuspegi horretara norabidetutako arnas luzeko estrategia nagusiak marraztea.
Akademiaren arabera, bisio edo etorkizuneko ikuspegi bizigarri eta bideragarria ekoiztea eta arnas luzeko estrategia nagusiak marraztea "berebiziko lana da euskararen biziberritze prozesuaren abagune honetan, tentuz eta jakitez egin beharrekoa".
Bada, 2022an euskararen biziberritze prozesuaren etorkizuneko ikuspegiaren erdiguneko ponentzia landu ondoren, 2023an eta 2024an etorkizuneko ikuspegiari buruzko hainbat arlotako ponentziak landu dira.
Iazko Jagon jardunaldian aurkeztu ziren horietako bi, eta aurten beste bi arlo landuko dira. Bata, aisialdi antolatuko txostena izango da, Gogoetagunearen barruan landua, aisialdi antolatuaren edo hezkuntza ez-formalaren arloari dagokiona, hain zuzen ere; beste arlo funtsezko bat, lan eremuari dagokiona, bere aldetik Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak landu du azken bi urteotan, eta txosten hori aurkeztuko da jardunaldian. Aurkezpenak entzun, iritzia eman eta bi arlo horien norabideaz elkarrekin pentsatzeko antolatu da aurtengo Jagon jardunaldia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babestu dute Euskaltzaindiaren XXIX. Jagon jardunaldia, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek ere lagundu dute. Izen-ematea azaroaren 26a baino lehen egin behar da, 34 944 158 155 telefonora deituta edo info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idatzita.