DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)
Euskaraldiko unitate didaktikoen aurkezpen publikoa egin dute ostegun honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Hezkuntza ziklo ezberdinetarako unitate didaktikoak dira, eta Ikastolen Elkarteko, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako eta Irrien Lagunak elkarteko kideek parte hartu dute materialaren sorkuntzan.
Euskaraldiak hezkuntza komunitatearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu eta euskararen erabilera dinamizatzeko haur eta nerabeen garrantzia nabarmendu dute aurkezpenean parte hartu duten eragile guztiek.
Agerraldian, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Institutuko zuzendariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak hartu dute parte.
Material didaktikoen sorreran partaide izan diren eragileak ere izan dira bertan: Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensio eta Irria elkarteko Garazi Urrosolo. Era berean, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako foru zuzendariak eta Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduradunak ere parte hartu dute.
Euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, hezkuntza formalak euskararen garapenean daukan zeregina nabarmendu du Miren Dobaranek. Ildo beretik, Kike Amonarrizek adierazi du esparru ez formala hezkuntzan egiten den lanaren "osagarri ezinbestekoa" dela. Zentzu honetan, aurtengo Euskaraldian entitateen lanketan haur eta gazteei zuzendutako eskaintza duten eragileek izango duten garrantzia azpimarratu du.
Ikastolen Elkarteak, Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Urtxintxa eskolak prestatu dituzte Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskara lantzeko unitate didaktikoak. Materiala hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko jarri dute eskuragarri Euskaraldiko webgunean.
HIRU FASE
Zehazki, unitate didaktikoak hiru fasetarako prestatu dira. Lehen fasea Euskaraldia baino lehen burutuko da, irailetik azaroaren 20ra. Euskaraldia girotu, egitasmoaren kontzeptuak ezagutu eta bigarren edizioaren zabalkundea sustatzea du helburu fase honetarako prestatutako proposamenak.
Bigarren fasea Euskaraldiak iraun bitartean egingo da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Euskaraldiaren ariketari eutsi, bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertu eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta aktibatzeko diseinatua dago unitate didaktikoaren etapa hau.
Hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko da, abenduan. Ariketak iraun bitartean bizitakoa du oinarri, eta hizkuntza portaera emankorrak sustatzeko jarduerak osatzea helburu.
Unai Arellano Ikastolen Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, unitate didaktikoak lantzeko eskoletan irakaslez zein ikaslez osatutako talde dinamizatzailea osatzea proposatzen dute. 'Euskaradinamizatzaileak' izena eman diote sustatzaile talde hauei eta unitate didaktikoetan agertzen diren jarduerak bideratzea izango lukete helburu.
Halaber, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensiok hizkuntza praktiken aldaketan haurrek izan dezaketen rol aktiboaren garrantzia azaldu du. Honela, unitate didaktikoek haur eta lehen hezkuntzan eragin handia ukan dezaketela esan du.
'IRRIA'-REN ALE MONOGRAFIKOA
Bestalde, Irrien Lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazi duenez, ahalegin berezia egin dute unitate didaktikoak hezkuntza ez formalera egokitzeko, haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek. Asmo horrekin garatu dute 'Irria' aldizkariaren ale monografiko bat aurten.
Aldizkaria urrian kaleratu eta Euskal Herriko ikastetxeetan zabalduko da Kutxa Fundazioarekin eginiko elkarlan bati esker, eta Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatu da tresna pedagogiko osagarri gisa. 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da, eta lau atal izango ditu.
'Lagun' atala Miren Amuriza eta Eider Eibarrek eginiko bi orriko komikia da, eta ikasleei Euskaraldia lehen aldiz hurbiltzeko baliatuko da. 'Txoko Txiki Kuttuna' atalean, Miren Agur Meabe eta Eider Eibarrek eginiko olerkien bidez, gaian sakontzeko aukera izango dute haurrek.
'Haur kantak' atalean, Joseba Poncek Katxiporretaren abesti bat ilustratu du, eta Euskaraldiko kontzeptuen hurbilpen ludikoa izango da.
Azkenik, 'Pirritx, Porrotx eta Marimotots' Txakur Gorria kolektiboak eta Bikainek eginiko lau orriko ipuina da, eta honen bidez, ariketaren berri emango zaie haurrei. Euskaraldiko aurtengo berrikuntza ere aurkeztuko dute atal honetan: Arigunea.