Euskaraldian parte hartu eta izena emateko deia egin dute hainbat eragilek

San Telmoko agerraldian izan diren ordezkariak.
EUSKARALDIA
Actualizado: martes, 8 noviembre 2022 12:43

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

Euskaraldia hasteko hamar egun falta direnean, ariketa sozialean parte hartzeko deia egin dute astearte honetan ekimenaren antolatzaileek eta gizarteko arlo ezberdinetako hainbat lagunek Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. Izen-ematea "erritmo onean" doala aipatu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek, eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere "masiboa" izango dela ziurtatu dute.

Kultura, kirol eta komunikazio arloetako hainbat lagunek parte hartu dute agerraldian Euskaraldian parte hartuko dutela azalduz, eta euskaraz aritzeko gaitasuna duten euskal herritarrak azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen gonbit egin dute.

Maialen Chourraut kirolariarekin, Joseba Usabiaga aktorearekin eta Xabier Saldias abeslariarekin batera, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaran, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek ere parte hartu dute prentsaurrekoan.

Ariketa jendetsua izateari garrantzia handia eman diote Euskaraldiaren sustatzaileek, parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea "lagungarria" da eta.

Izena emateko izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo behar dutela gogorarazi dute eledunek. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek parte hartzea oso erraz egunera dezakete eta partaide berriek datu gutxi batzuk beteta izena eman ahal izango dute. Izen-ematea berrestea hirugarren edizio honetan ere egingo den ikerketarako lagungarri izango da.

Euskal Herriko 400dik gora herritan txapak banatzen hasi dira jadanik Euskaraldia batzordeetako kideak, eta milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Bada, izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emango duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu da prentsaurrekoa.

Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan eta, horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbit egin dute ekimenaren bultzatzaileek.

Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz, hurrengo egunetan kaleak janzteko gonbit ere egin da eta horretarako hainbat baliabide eskaini: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak edo Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak. Gainera, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari direla azaldu dute.

ERRONKA ZEHATZAK

Azken dei bat ere egin dute agerraldian ekimenaren bozeramaleek: partaide guztiei hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzeko gonbit egin diete, euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko erronka zehatzak jartzea lagungarria dela azpimarratuz.

"Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren 'Hitzez Ekiteko' ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren ariketarako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek. Horiek izango dira norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak", azaldu dute.

Euskal Herriko lurralde guztietako herrietan Euskaraldia batzordeetan parte hartzen duten milaka boluntario egiten ari diren lana eskertuz eta aitortuz amaitu da agerraldia.