Euskaraldiko Euskaparate lehiaketa antolatu dute Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian

Euskaraldiko Euskaparate lehiaketa
OARSOALDEA GARAPEN AGENTZIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 22 abril 2025 12:03

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltokietako erakusleihoak nahiz saltokiak apaintzeko Euskaparate lehiaketa antolatu dute hirugarren aldiz, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, Euskaraldiaren asmo eta helburuekin bat eginez.

Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, Euskaraldiari lotuta egoteaz gain, Oarsoaldeko lau udalek merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko urteko urteko 365 egunetan gauzatzen duten 'Prezio berean, euskaraz!' egitasmoarekin ere bat egiten du ekimenak.

Horrela, lau udalek dei egin diete eskualdeko merkatari ostalari eta bestelako establezimendu guztien jabeei Euskaraldiaren testuinguruan gauzatuko den lehiaketan parte hartzera. "Establezimenduak apaintzeak gure kaleak pixka bat alaitzeaz gain, Euskaraldia bezalako ekimen positibo bati bultzada eta ikusgarritasuna emango dizkio", azaldu dute.

Nahi duten Oarsoaldeko merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltoki guztiek hartu ahal izango dute parte eskaparate lehiaketan. 'Euskaraldia' hitzak nahitaez egon beharko du bistan apaintzen den saltoki edo erakusleihoan, baina hortik aurrera norberaren sormenaren eta irudimenaren arabera geratuko da. Lehiaketan parte hartzeko izena ematen duten establezimenduei Euskaraldiaren banderatxo bana emango diete antolatzaileek.

Euskaraldia edo euskara aitzakia edo gai hartuta apaindu beharko dute saltokiaren erakusleiho bat gutxienik. Erakusleihorik ez izan arren, establezimendua bera edo haren alde nahiz zatiren bat apainduz parte hartu nahi dutenek ere egin ahal izango dute.

Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek www.oarsoarrak.eus webgunean aurkituko duten formularioa bete beharko dute, eta erakusleihoak edo saltokiak apainduta eduki beharko dituzte maiatzaren 9tik 25era behintzat. Epaimahaikideek maiatzaren 9tik 16ra bitartean ikuskatuko dituzte lehiaketan parte hartzeko nahia agertu duten erakusleiho guztiak, eta ikusi ahala, euren balorazioak biltzen joango dira.

Epaimahaiak apirilaren 19rako jakinaraziko ditu eskualdeko irabazlea eta herri bakoitzekoa nortzuk diren. 400 euroko balioa duen deskontu bonu sorta eskuratuko du irabazleak bere bezeroen artean banatzeko, eta herri bakoitzeko irabazleak 200 eurokoa jasoko du.

Contenido patrocinado