Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko 'Arnasa Gara' ekimena aurkeztu dute

- IREKIA

Actualizado: lunes, 30 septiembre 2019 12:43

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 'Arnasa Gara' ekimena aurkeztu dute astelehen honetan, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean (Gipuzkoa). Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea da bere helburua, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabe daitezen. Nafarroako Gobernuak -Euskarabide Institutuaren bitartez- eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute ekimenean.

Proiektuak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta kanpaina bat abiatuko da horretarako, ekimena azaltzeko eta bere osagai nagusietakoa izango den 'Kartzela' serie digitala herriz herri aurkezteko, hain zuzen. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Ekimenaren inguruko informazioa www.arnasagara.eus web orrian kontsulta daiteke.

Proiektua babesten duten erakundeetako ordezkariak izan dira aurkezpenean: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Josu Labaka UEMAko lehendakaria.

Halaber, ekimenean parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Lierni Altuna Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneek daukaten garrantzia azpimarratzeko orduan eta proiektu honen atzean dagoen lankidetza nabarmendu dute.

Egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen urratsa. Ikerketa kualitatibo bat egin zen, parte hartze prozesuak eginez herriz herri. Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Iametza komunikazio enpresa eta UEMA, eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta atera ziren, oso baliagarriak izan direnak geroko proiektua taxutzeko.

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealitatea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian diseinatzeko moduan izan dira. 'Arnasa Gara' proiektuak bi fase eta hiru osagai nagusi ditu, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta 'Kartzela' serie digitala.

LEHEN FASEA

Lehenengo fasean, urrian eta azaroan, anasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da. Komunikazio kanpaina baten (sareetan eta tokiko hedabideetan) eta aurkezpen ekitaldien bidez, 'Arnasa Gara' ekimenaren nondik norakoak azalduko dira eta arnasguneek duten garrantziaren gaineko kontzientziazioa landuko da.

Ahalduntze eta aitortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen ekitaldietan 'Kartzela' serie digitala aurkeztuko da. Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta serieko bina aktorek ere parte hartuko dute. Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezala zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aktoreen hitz hartzea. 'Kartzela' serie digitalaren lehen bi kapituluak leehen aldiz ikusteko aukera izango da. Saioaren amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo dituzte, mokadu batez lagunduta. Ordu eta erdiko saioa izatea aurreikusi da.

Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da 'Kartzela' serie digitala egiteaz. Zazpi kapitulu izango ditu eta kanpainaren elementu berritzailea izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak; arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira.

Arnasguneetan egindako parte hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia eta elkarrizketetan ateratako zenbait gai jorratuko dira, zeharka nahiz zuzenean: Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak; euskara eta euskal kultura bereziki baloratzen ez duen gaztea vs jarrera kontzienteagoak; beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak; arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna; ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera; hitanoaren erabilera eta generoa.

Orotara 22 udalerritan egingo dira saioak: Araban, Aramaion; Nafarroa Beherean, Baigorrin; Bizkaian, Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanurin; Gipuzkoan, Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerainen; eta Nafarroan, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesakan.

Kanpainaren bigarren fasean mezua Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko da. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat, EiTBk zabalkundean lagunduko baitu, eta helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea. Bigarren fasean arnasguneak ezagutzera eman nahi dira, eta euskaldun guztion aurrean aitortu egin nahi zaie daukaten garrantzia eta egiten duten ekarpena. Ekimenaren inguruko informazioa webgune honetan kontsulta daiteke: www.arnasagara.eus