GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)
Bai Euskarari Elkarteak Arabako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen dituen Lazarraga Sariek euskararen erabilera erosorako eredu diren lurraldeko bost entitate aitortu dituzte: Grafik Sarea (Laudio), Sartu Alava (Gasteiz), Elkar San Prudencio (Gasteiz), Hyundai Eska (Laudio) eta Jimmy Jazz (Gasteiz). Bost saridunek dute Bai Euskarari ziurtagiria.
Gasteizko Artium museoa egin da sari banaketa ekitaldia ostegun honetan, Arabako lan eta euskara munduko eta instituzioetako ordezkariak bertan zirela. Edurne Azkarate aktore arabarrak egin ditu aurkezpen lanak eta giroa berotzeko Alatraste taldearen musika eta dantzaz gozatu dute bertaratutakoek.
Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du sariketa, Arabako Foru Aldundiarekin babesarekin, eta hitzaldi bana eskaini dituzte Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak eta Ramiro Gonzalez Vicente Arabako diputatu nagusiak. Sariak ere bien artean banatu dituzte.
Madernaz del Pozok gogora ekarri du aurreko asteburuan Bilbon egin zen European Language Equality Network sarearen biltzar orokorrean egindago adierazpena: "Euskalgintzaren Kontseiluak proposatuta, aho batez adierazi eta onartu dute euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Egoera honek bapateko neurri eraginkorrak hartzera bideratu behar gaitu".
Lan munduan euskaraz eroso aritzea hurrengo urteetako hizkuntza politiketan "estrategikoa" izan behar dela nabarmendu du. "Hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa ezin da lan munduan galdu", gaineratu du.
Era berean, lan munduan euskarari lekua egitea "estrategikoa bezain lehentasunezkoa" dela ziurtatu du Bai Euskarari Elkarteko ordezkariak, eta "urrats sendoak" egin behar direla plangintza, arau eta baliabideetan.
Bestalde, Gonzalezek nabarmendu duenez, "Araban gero eta enpresa gehiago ari dira berrikuntzan lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bai bezeroekin, bai hornitzaileekin euskara erabiltzeko".
Ildo horretan, urrats gehiago egiteko deia egin die Arabako enpresei: "Zuen enpresatara jotzen duten gazteak eskolatik eta kaletik euskaraz ikasiak dira, eta zuen enpresetan euskara erabiltzeko aukera paregabea dute orain. Nola? Hasi gaitezen Lanbide Heziketatik datozen gazteei praktikaldiak euskaraz egiteko ateak irekitzen".
SARIDUNAK
Laudioko Grafik Sareak 'branding', seinaletika eta produktu korporatiboaren arloan egiten du lan, eta 2011tik dauka Bai Euskarari ziurtagiria, 'Zerbitzua Euskaraz' mailan. Zerbitzuak euskaraz eskaintzen ditu, barne komunikazioak eta barne funtzionamendua ere euskaraz egiten dira, eta euskara da enpresaren filosofiaren ardatzetako bat.
Sartu Alava irabazi asmorik gabeko erakundea da eta gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzea du helburu, zerbitzu publikoaren ikuspegitik eta baliabideak sareturik. Laudion eta Gasteizen egoitza finkoak ditu, baino herrialde osotik mugitzen da. 2018an eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria 'Euskararen Bidean' mailan, eta ordutik aurrerapauso handiak eman ditu barrura begirako dokumentu eta tresnetan.
Elkar San Prudencio Gasteizen erreferentziala den denda da. Bezeroei euskarazko zerbitzua eskaintzeko ahalegin handia egiten du, eta Bai Euskarari ziurtagiria du aspalditik, 'Euskararen Bidean' maila.
Laudioko Hyundai Eska autoak konpontzeko tailerra da, eta zerbitzua euskaraz ematen du. 2010tik du Bai Euskarari ziurtagiria, 'Zerbitzua' Eusaraz' mailan, bost langiletik lau euskaldunak dira eta ahalegin berezia egiten dute bezero guztiak euskaraz artatzeko.
Azkenik, Jimmy Jazz kultur aretoak 15 urte daramatza Gasteizko kultur eskaintza zabaltzen. Bai Euskarari ziurtagiria duela gutxi eskuratu du, 'Euskararen Bidean' mailan, eta lan dezente egin du euskara bere negozioan txertatu eta inguruan zabaltzeko.