BILBO, 25 (EUROPA PRESS)
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programa jarri dute martxan, lurraldean euskararen erabilera handitzeko, hizkuntzaren biziberritze prozesuan urrats berriak emateko eta biztanle sektore berrietara normaltasunez hurbiltzeko asmoz.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Jasone Mendizabal Taupa euskaltzaleen mugimenduko koordinatzaileak aurkeztu dute ekimena astearte honetan, besteak beste.
Bizkaiko eskualde guztietara heltzeko helburuarekin, eta lurraldean dauden tipologia ezberdinak kontuan hartuta, ekimenaren erakunde sustatzaileek aurreikusi dute 10.000 bizkaitarrekin lan egitea. Horretarako, elkarlanean ariko dira datozen hiru urteetan.
Egitasmoa lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarritzen da. Horrela, erabileran eragiteko hiru lan ildo eta esku hartze sorta bat diseinatu dira.
Tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea, aniztasunaren kudeaketa euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiz, eta gazteen eta familien arteko erabilera sustatzeko ekimenak dira hiru lan ildoak.
Esku hartzeei dagokienez, euskararen aldeko sarea zabaltzeko eta aberasteko gogoeta saioak antolatuko dira, eta tokiko euskaltzaleak saretzeko prozesu parte hartzaileak egingo dira. Horrez gain, euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat osatzeko, aktibazio eta ahalduntze aukerak eskainiko dira, taupamugimendua.eus plataformaren bidez.
'AUZOKO ELKARRIZKETAK'
Orobat, herritar guztien arteko harreman eta komunikazioetan hizkuntza erreferentea euskara izatea lortu nahi da, euskaratik urrun bizi diren herritarrak gerturatuz. Horretarako, 'Auzoko Elkarrizketak' ekimenak euskararen inguruko sentsibilizazio eta aktibaziorako espazio parte hartzaileak eskainiko dute hizkuntza dinamika berriak aktibatzeko.
Tauparentzat "estrategikoa" da aktibazio prozesu hau, eta horregatik, 'Auzoko' programa bereziki lantzen du, euskararen transmisioa eta bizipena erdigunean jarrita. Hiru urteko epean, bederatzi 'Auzoko Elkarrizketa' antolatuko dira Bizkaiko hainbat eskualdetan.
Bestalde, 'Elkarrizketa Musikatuak' topaketak antolatuko dira gazteei zuzenduta, eta kulturgile erreferenteek beren hizkuntza bizipenak partekatuko dituzte ikasleekin. Musika aitzaki izanda, gazteen euskararekiko lotura indartu eta sentsibilizazioan eragitea da helburua.
Halaber, 'Euskararen Kriseiluak' programak familia transmisioa landuko du; eremu intimoan, euskararen erabileraren inguruko gogoeta sustatuko du, eta familiak gonbidatuko ditu euskara gehiago erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzera. Hiru urteko epean bederatzi herritan egingo da, hizkuntza ohiturak lantzeko eta familien aktibazioa sustatzeko helburuarekin.
BEHAR DUEN LEKUA EMAN
Leixuri Arrizabalagak bere hitzaldian azaldu duenez, Bizkaiko Aldundiaren lehentasunen artean euskara zaintzea eta hizkuntzari behar duen lekua ematea dago. "Zeharkako ekimena" dela esan du, "gure sail guztietan eta eguneroko lanean kontuan hartzen duguna".
"'Bizkaian Bagara' ekimenak bizkaitarrak euskararen erabileran aktibatzeko bokazioa du, euskararen erabilerak beharrezkoa duen jauzia eman eta bakoitzak bere ekarpena egin dezan. Horretarako tresnak eta aukerak eskaintzen dizkigun egitasmoa dugu hau", adierazi du.
Bestalde, Jasone Mendizabalek azaldu du lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosian oinarritutako programa dela 'Bizkaian bagara. Berbak zubi'.
"Euskararen aldeko komunitate aktiboak indartu nahi ditugu. Erabileraren aroan gaude, eta gure erronka ez da bakarrik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza ohituretan eragitea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Horregatik, garrantzitsua da norbanakoaren eta komunitatearen arteko loturak indartzea euskaraz bizitzeko baldintzak eraikiz eta hizkuntza praktikak sortuz", azaldu du.