Euskararen ezagutzak gora egin du udalerri euskaldunetan, baina beheranzko joera "nabarmena" da arnasguneetan

Archivo - Jendea paseatzen
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: jueves, 27 abril 2023 11:21

BILBO, 27  (EUROPA PRESS)

Euskararen ezagutzak gora egin du udalerri euskaldunetan, baina beheranzko joera "nabarmena" da arnasguneetan, euskararen egoerari buruzko azken Inkesta Soziolinguistikotik UEMAk xehetutako datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutarazi dituzte azken asteotan, nork bere aldetik. Udalerriz udalerriko daturik ez du biltzen inkestak, baina ikerketaren garrantzia ikusita, UEMAk Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostu du eredu bat udalerri euskaldunetako datuak lortzeko.

Zehazkiago, UEMAk jakinarazi duenez, aztertu da ezagutzari dagokionez zein tartetan dauden udalerri euskaldunak, eta tarte horretan egindako inkestak hartu dira analisiaren oinarri.

Horrela, Inkesta Soziolinguistikotik udalerri euskaldunetako datuak xehetu eta horiei dagokien txostena egin du UEMAk, eta euskararen ezagutza, transmisioa, erabilera eta euskararekiko jarrerak aztertuta, emaitzak eta gako nagusiak bildu ditu.

Bada, ezagutzak gora egin du udalerri euskaldunetan, baina beheranzko joera "nabarmena" da arnasguneetan. Udalerri euskaldunetako 16 urtetik gorako biztanleen %76 euskaldunak dira, 2021eko inkestaren arabera, eta herritarren %8 euskaldun hartzaileak dira, hau da, euskara ulertzeko gai dira, baina ez daukate hitz egiteko adinako ezagutzarik. Erdaldunak %15 dira: horiek euskara ez dute ulertu ere egiten.

Analisi zehatzagoa egiteko, ordea, UEMAk bi multzotan bereizi ditu udalerri euskaldunak: batetik, laugarren gune soziolinguistikoko udalerriak (euskaldunak %80tik gora dituztenak), eta bestetik, hirugarren guneko udalerriak (euskaldunak %63-80 dituztenak). Ezagutza denez oinarri, aldea dago batetik bestera. Hezkuntzak eta alfabetatzeak eragina izan dute, eta udalerri euskaldunetan gora egin du ezagutzak; arnasguneetan, ordea, beheranzkoa da joera.

Transmisioari dagokionez, berriz, euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienen lehen hizkuntza (%63), eta etxean ele biak jasotakoak gehituta (%8), hamarretik zazpi dira. Portzentajea nabarmen jaitsi da, ordea, eta 30 urtean %11 puntu egin du behera.

ERABILERA

Erabilera orokorra kontuan hartuta, euskara da udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza nagusia, alde handiz: %58k euskara dute hizkuntza nagusi, eta %13k erdaraz adina egiten dute euskaraz. Herritarren %30ek egiten du gehienbat erdaraz.

Erabileran alde adierazgarria dago laugarren guneko eta hirugarren guneko udalerri euskaldunen artean, %12 puntuko diferentzia, hain zuzen. Eremuei dagokienez, lantokietan sumatu da hutsune handiena, eta eremu formalean udal zerbitzuetan izan da igoera handiena.

Azkenik, euskararekiko jarrerari dagokionez, euskara sustatzearen aldekoak dira udalerri euskaldunetako biztanle gehienak: zazpitik sei. Aurkako jarrera, aldiz, oso bazterrekoa da (%2). Hamarretik bederatzik euskarazko hezkuntza babesten dute.