DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)
Euskararen Gramatika proposamen bat aurkeztu du Euskaltzaindiak ostegun honetan, Donostiako Luis Villasante ikergunean antolatu duen Gramatika jardunaldian. "Lan irekia" dela adierazi du Pello Salaburu Gramatika batzordeburuak, eta, iritziak eta kritikak batu ondoren, Akademiak erabaki beharko duela lanarekin zer egin.
Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldien azken txanpan izan da Gramatika jardunaldia eta arloko batzordeak urte luzetan ondu duen testua aurkeztea izan du helburu. Galegoaren, gaztelaniaren eta katalanaren akademiek eman diote markoa, bakoitzak bere gramatika osatzeko izan duen prozesuen berri emanez.
Halere, jardunaldiak mentalitate aldaketa nabarmendu du batik bat. Miren Azkarate euskaltzain osoaren hitzetan, "lehen, hizkuntza bat zuzen hitz egin eta idazteko arauen multzoa" zatekeen gramatika; gaur egun, berriz, "hizkuntza jakin baten osagaien azterketa eta azalpena" litzateke.
Salaburuk 1980ko hamarkadaz geroztiko ibilbidea eta gorabeherak laburbildu ditu bere hitzaldian, duela 40 urteko eta oraingo lan moldeak alderatuz. Lehen urteetan, adibidez, "Euskaltzaindia zen ia erreferentzia bakarra, eta neurri batean autodidaktismoan oinarritzen zen. Egun, euskaldunok anitz erreferentzia ditugu inguruan, gizartea bera hainbeste aldatu baita".
BI EZAUGARRI
Horrela, Gramatika batzordeak aurkeztu duen lan mardula dela eta, bi ezaugarri nagusi dituela azpimarratu du Salaburuk: batetik, "arauemailea" dela, baina ez "arauak ematen dituelako, gramatika deskriptiboa izanik ere, aldi berean norabide jakin bat markatzen duelako"; bestetik, "lan irekia" dela nabarmendu du, "interesa dutenek eztabaida dezaten" bilatzen delako. Esan duenez, iritziak eta kritikak batu ondoren, hain zuzen, "Euskaltzaindiak erabaki beharko du lanarekin zer egin".
Landu diren 1.500 orrialdeetan barrena "atal oso-osoak, guztiz berriak" ere badira: esate baterako, euskararen bereizgarri orokorrak edota Gramatika kategoriak atalak. Gainera, azken 30 urteetan hizkuntzalaritza teorikoan egin diren ikerlanak ere kontuan hartu dira, "homologarria izatekotan, ezinbestekoa delako", Azkarateren aburuz.
Gramatika berritu beharraren azalpenik esanguratsuena, galego, gaztelania eta katalanaren akademietako kideek osatu duten mahai inguruan eman du Ignacio Bosquek (RAE): "Gramatikak ez dira soilik berritzen hizkuntza aldatu delako, hizkuntza ulertzen saiatzen garen hizkuntzalariok aldatzen garelako baizik".