Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko 120 ekitalditik gora antolatu dira Donostian

2024Ko Euskararen Eguna Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 25 noviembre 2024 12:49

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko 120 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Donostiako Aiete, Altza, Amara, Amara Berri, Antigua, Añorga, Egia, Gros, Ibaeta, Igeldo, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erribera, Martutene, Parte Zahar eta Zubietan. Jarduerak asteazkenean hasiko dira, azaroaren 27an, eta abenduaren 5era arte iraungo dute.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotziak auzoetako batzordeek egin duten lana goraipatu du. "Guztira, 53 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori kopuru garrantzitsua da oso. Elkarlanaren emaitza izan da", adierazi du.

Ohikoa den bezala, ekitaldi guztiak ezagutzera emateko eskuorriak eta kartelak argitaratu ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak auzo bakoitzeko egitarauarekin, eta auzoetan banatu ditu jada, besteak beste, kultur etxe, kiroldegi, gazteleku, haurtxoko, jubilatu elkarte, ikastetxe, euskaltegi eta auzo elkarteetan.

Gainera, leku horietan ez ezik, donostiaeuskaraz.eus webgunean ere izango da eskuragarri auzoetan izango diren ekintzen gaineko informazioa, auzoka zein egunez egun antolatuta.

Ekintza sorta zabala eta anitza prestatu dute auzoetan datozen egunetarako. Horrela, alde batetik, kultur ekintzak izango dira, hala nola antzezlanak, film proiekzioak, hitzaldiak, liburu irakurketak, kantu birak, bertso saioak edota kontzertuak.

Beste alde batetik, helduen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak izango dira, besteak beste, mintzodromoak, mahai jokoak, tailerrak edota lehiaketak, eta, azkenik, haurrentzako eta gazteentzako jarduerak edota familian egitekoak antolatu dira, hala nola ipuin kontalariak, pailazoak, buruhandi eta erraldoiak, jolasak, txokolate janak, euskaraokea, disko festak, puzgarriak eta abar.

Ekitaldi horien guztien artean izango dira Plazara Goaz Intxaurrondoko euskara elkarteak azken 25 urteetan egindako lana biltzen duen erakusketa, Intxaurrondon bertan Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia, III. Euskaldun Peto Lehiaketa Igeldon, bakarrizketa saioak Añorgan eta Parte Zaharrean, mintzodromoak Altzan, Amara Berrin eta San Telmo, 'Etorri mugikorra euskaraz konfiguratzera' informazio mahaia Grosen, eta kantu jirak, kale animazioa, era askotako bertso saioak eta umeentzako ekitaldiak ia auzo guztietan.

Halaber, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, mintzodromoak antolatuko dira San Telmo Museoan, eta arratsaldean, Pantailak Euskaraz elkartearen 'Urak eginen du' bide dokumentala eta Barrexerka taldearen 'Nahastumbury' antzezlana eskainiko dira saio berean Antzoki Zaharrean, 19:00etan hasita.

GOZALDIA EGUNA

Bestalde, azaroaren 30ean Gozaldia Eguna antolatuko da Euskal Herriko hiri eta herri askotan Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dela ospatzeko, eta Donostiako auzo guztietan ere ekintza sorta handia eta anitza prestatu da herritarrek euskararekin goza dezaten.

Era berean, abenduaren 3an, Donostiako Turismo Udal Erakundeak 'Euskara Plazara' jokoa banatuko du bulegora gerturatzen diren bisitari euskaldunen artean. Jokoa sare sozialetan aurkeztu zuten eta abenduaren 2ra arte egongo da eskuragarri (https://pr.easypromosapp.com/p/986860).

Jokoan parte hartu eta mezu elektronikoa uzteagatik, Turismo Bulegoan diren 'Euskal Imanak' eskuratuko dituzte jokalariek.

Contador