Euskarazko txatbot irekia auzolanean hobetzeko bi asteko ekimena abiatu du EHUko HiTZ zentroak

Euskarazko txatbot irekia auzolanean hobetzeko bi asteko ekimena abiatu du EHUko HiTZ zentroak
UPV/EHU
Actualizado: miércoles, 19 marzo 2025 10:49

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko HiTZ zentroak 'Ebaluatoia' jarri du martxan, euskarazko txatbot irekia auzolanean hobetzeko bi asteko ekimena. ChatGPT eta antzeko eredu itxien pare edo hobeto dabilen euskarazko tresna irekia sortzea da helburua.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Latxa euskarazko hizkuntza eredua txatbot bihurtzeko lanean ari da HiTZ zentroa, eta, aldi berean, txatboten kalitatea neurtzeko bide berriak irekitzen.

"Hizkuntza ereduak adimen artifizialeko ereduak dira, giza hizkuntza ulertu eta sortzeko ikaskuntza automatikoko teknikak erabiltzen dituztenak. OpenAI edo Google bezalako enpresa handien ChatGPT eta antzeko eredu itxien pare edo hobeto dabilen euskarazko txatbot irekia sortzea da HiTZ zentroaren helburua", azaldu dute.

Horrela, 'Ebaluatoia' ekimenean parte hartzea "oso erraza eta dibertigarria" da: ebaluatoia.hitz.eus webgunean sartu, galdera edo eskaera egin, eta aukeratu zein den erantzun hoberena.

Ekimenaren lehen fasean bezala, bigarren fase honetan ere lehiaketa eta sariak egongo dira. Asteazken honetatik apirilaren 2ra bitarte egongo da parte hartzeko aukera.

Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendariak esan duenez, "euskarazko txatbota eraikitzeko bidean ikerkuntzako hainbat galdera berri planteatu zaizkigu. Gure helburua ez da bakarrik euskarazko txatbot hoberena eraikitzea, eta euskaraz gazteleraz bezain ondo ibiltzea".

"Hori lortzeko bidean ikerketa egiten ari gara, eta ikasten duguna argitalpen zientifikoetan kaleratuko dugu, jorratzen ari garen metodologia eta ikasten duguna beste hizkuntza askotarako ere baliogarria da eta", azaldu du.

Horregatik abiatu dute 'Ebaluatoia', "ezinbestekoa baita erabiltzaile euskaldunek txatbotak erabili eta hoberena zein den aukeratzen laguntzea".

Ekimenean, erabiltzaileak eskaera bat egingo du webgunean, eta honek bi txatbot ezberdinen erantzunak emango dizkio bata bestearen ondoan, erabiltzaileak erantzunen artean onena aukeratu dezan. Alborapenak ekiditeko, erabiltzailearen bozka itsua da, hau da, erabiltzaileak ez daki zein bi txatbot ari den epaitzen.

EBALUAZIOA

Txatboten sailkapena osatzeko xakean baliatzen den ELO ebaluazio sistema erabiltzen da. Ereduak hasierako puntuazio arbitrario batetik abiatzen dira (adibidez, 1.000 puntu bakoitzak), eta partidak irabazi, galdu edo berdindu ahala puntuazioa aldatuz joango da, aurkarien puntuazioaren arabera.

Naiara Perez HiTZ zentroko ikertzailearen hitzetan. "ebaluazio mota honi arena deritzo, hizkuntza ereduak elkarrekin lehiatzen direlako, eta txatbotak eszenatoki errealista eta praktikoan ebaluatzea ahalbidetzen du. Zentzu horretan ohikoa bihurtu da enpresak beraiek eredu hoberenak ingeleserako Chatbot Arena delakoan lehiatzera bidaltzea. Guk nahiago izan dugu 'Ebaluatoia' deitzea".

Bada, HiTZ zentroak eraikitako 18 txatbot probatuko dira ekimenean, baita txatbot komertzial hoberenak ere. Oscar Sainz HiTZ zentroko ikertzailearen esanetan, "tartean egongo da estatuan inoiz eraiki den txatbot handiena ere, 70B parametroko Latxan oinarritutako txatbot erraldoia".

Contador

Leer más acerca de: