BILBO, 2 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) euskarazko unibertsitate liburuen sorkuntza sustatzeko deialdia egin du, eta interesa duenak martxoaren 31ra bitarte helarazi behar dio eskaera UEUko Argitalpen Batzordearen idazkariari (argitalpenak@ueu.eus).
UEUko iturriek jakinarazi dutenez, deialdiaren xedea da, azken buruan, euskarazko unibertsitate liburuen sorkuntza sustatzea, eta horien argitalpenerako, onartze prozesuan edukien kalitatea bermatuko duen bide eraginkorra proposatzea. Hala egileak nola irakurleak UEUren webgunean aurkituko dute onartze prozesu horren berri zehatza.
Deialdira aurkezten diren eskariak aztertu eta ebaluatu ondoren, UEUk bere liburuen argitalpen plana zehaztuko du, eta hurrengo urteetarako aurreikuspenak egin ahal izango ditu, deialdiaren bidez onarturiko liburuei eta liburu proiektuei lehentasuna emanez.
Deialdira aurkez daitezke euskarazko unibertsitate liburuak, liburu amaituak, euskaraz sorturikoak nahiz euskaratuak (euskaraz sorturikoek izango dute lehentasuna). Aitzitik, kanpo geratzen dira liburu proiektuak, hots, oraindik idatzi ez diren liburuak. Ildo horretan, UEUk jakinarazi du Unibertsitateko Ikasmaterialak Sustatzeko Diru Poltsen Deialdi bat egingo duela, eta hori izango dela liburu proiektuei egokituko zaien bidea.
Eskariak martxoaren 31ra bitarte helarazi behar zaizkio UEUko Argitalpen Batzordearen idazkariari (argitalpenak@ueu.eus). Horretarako, honako hauek bidali behar dira: UEUren webgunean dagoen 'Liburua UEUn argitaratzeko eskaria' dokumentua, behar bezala beteta; egilearen edo egileen CV, beste dokumentu batean; liburua formatu elektronikoan; liburua formatu elektronikoan, egilea identifikatzeko balioko luketen datuak ezabatuta (ebaluazio itsua egin ahal izateko); liburua paperean inprimatua (UEUko Argitalpen Batzordea. Erribera, 14, 1.a D. 48005 Bilbo).
UEUren Argitalpengintza Batzordeak eskatzaile guztiei jakinaraziko die zuzenean, beranduenik irailaren 30ean, bakoitzaren eskariaren inguruko ebazpena.