Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek hitzarmena sinatu dute harremanak sendotzeko eta elkarlanean sakontzeko

Ana Urkiza eta Alaitz Artolazabal
EUSKO IKASKUNTZA
Actualizado: martes, 9 julio 2024 12:53

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Alaitz Artolazabal Tokikom Toki Hedabideen Bateraguneko zuzendari nagusiak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan Bilbon, harremanak sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko eta, besteak beste, "egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratzeko" asmoz.

Hitzarmenaren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko, bi erakundeotako iturriek jakinarazi dutenez.

Horretarako, ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, bai eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa ere ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jasotzeko lanen jarraipena egiteko batzorde bat ere eratuko dute, elkarrekin egin beharreko lanak adostu zein egindakoen balorazioa egiteko.

Ana Urkizaren hitzetan, "hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik. Tokikomen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan".

Artolazabalek, berriz, nabarmendu du hitzarmenak aukera emango diela toki komunikabideei "Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko", eta "aukera paregabea" dela "bestelako proiektu pausatuagoetarako sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko".

Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, Eusko Ikaskuntzak urriaren 2an, 3an eta 4an Gasteizen antolatu duen 'Elkartzen Gaituena' XIX. Biltzarreko babesle izatera pasako da Tokikom.