Eusko Jaurlaritzak 782.000 euro banatuko ditu euskal etxeen artean

Actualizado: martes, 10 marzo 2015 16:58

GASTEIZ 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko euskal etxeei eta etxeon federazio eta konfederazioei Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez emango dizkien diru laguntzen deialdia onartu du astearte honetan. Guztira 782.307 euro banatuko ditu, zenbait gastu osorik edo gastu horien zati bat finantzatzeko asmoz.

Besteak beste, euskal etxeen egoera hobetzeko jarduerek eragindako (azpiegitura edo ekipamendua hobetzea) edota kanpoko euskal gizataldeen, horiek jaso zituzten herrialdeen eta Euskadiren arteko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak sustatzeko eta sendotzeko urteko programek edo jarduera zehatzek eragindako gastuak finantzatu nahi dira.

Deialdia irekita dago munduko 25 herrialdetan dauden 188 euskal etxeentzat, eta hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen denetik.

MUNICH

Bestalde, Gobernu Kontseiluak beste euskal etxe bat ofizialki onartu du: "Munitxeko Euskal Elkartea". Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan sartuko da, eta horrela, Alemaniak bi euskal etxe izango ditu: Berlingoa eta Munichekoa.

Gehienbat, hiriburu bavariarrean lan egin eta lanbide kualifikazio altua duten gazteek osatzen dute Municheko Euskal Etxea. Oroitz Aldasoro da presidentea, Mikel Sagardia presidenteordea, eta Haizea Amezaga idazkaria. Berlingo Euskal Etxeak bezala, ez du egoitza fisikorik eta inguruko ekipamenduak erabiltzen ditu bere jardueretarako.