BILBO 24 Nov. (EUROPA PRESS) -
Euskotren sozietate publikoak Bilboko tranbiaren eta metroaren 3. lineako zerbitzuak indartuko ditu igande honetan, azaroaren 24an, Athleticek eta Reala San Mamesen 21:00etan hasita jokatuko duten partida dela eta.
Zehazkiago, Euskotrenek jakinarazi duenez, Bilboko tranbian ohiko zerbitzua emango du Bolueta eta Casilla artean, eta Pio Barojatik Ospitalerantz bi zirkulazio bereziak eskainiko ditu 19:58an eta 20:44an.
Partida amaitu ondoren, zaleen segurtasuna bermatzeko, tranbia zerbitzua eten egingo da Casilla eta Euskalduna artean 20-30 bat minutuan, Bilboko Udalak koordinatutako larrialdietako planaren baitan.
San Mamesetik hurbil dauden geralekuetan jende pilaketarik ez sortzeko, Euskotrenek gomendatu du Euskalduna geralekurantz joatea bertan tranbia hartzeko, bai eta ordaintzeko sistema gisa Barik erabiltzea ere, tranbiara igotzeko prozesua errazteko.
Bestalde, San Mameseko partida amaitu ondorengo itzulerako bidaietarako, Bilboko metroaren 3. lineako ohiko ordutegia zabalduko da, Metro Bilbaok 1. eta 2. lineen artean ezarritako zerbitzua osatzeko, Zazpikaleak geralekuaren korrespondentziari esker.
Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek eskura dituzte Euskotrenen 944 333 333 telefono zenbakia, www.euskotren.eus webgunea eta gailu mugikorretarako aplikazio ofiziala.