'Flandria-Euskadi' kultur trukerako egitasmoak hainbat jarduera eskainiko ditu aurten eta 2024an

'Vlaanderen-Baskenland' Edo 'Flandria-Euskadi' Kultur Trukerako Egitasmoaren Aurkezpena.
IREKIA

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak 'Vlaanderen-Baskenland' edo 'Flandria-Euskadi' kultur trukerako egitasmoa aurkeztu du ostegun honetan, aurten eta 2024. urtean arte eszeniko, musika, arte plastiko eta bisual, literatura eta beste hainbat alorretan egikarituko den kultur programa, hain zuzen ere.

Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan izandako agerraldian egon dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Jan Jambon Flandriako ministro-presidentea (bideo bidez), Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia eta Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendari nagusia.

Joan-etorriko egitasmoak helburu bikoitza duela azaldu dute: batetik, kultur eragileak elkartzea, esperimentatzea eta elkarrengandik ikastea, eta, bestetik, bi lurraldeetako sorkuntzaren kalitatea eta izaera berritzailea plazaratzeko kultur proposamen zehatzak lankidetzan garatzea.

Kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, ekimenak diziplina anitzeko eskaintza zabala egingo du. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza eta artista, sortzaile eta kultur industrien sarea sustatuko da hainbat alorretako hamaika programa baino gehiago jasoko dituen egitarau aberats baten bitartez.

Kultur egitasmoa bi urteren buruan landutako harremanaren emaitza da. Izan ere, 2021ean eta 2022an lan bisita bana antolatu ziren Euskdiora eta Flandriara, Lehendakaritza, Flandriako Kantzilergo eta Kultura Saila eta Flanders Arts Institute erakundearekin elkarlanean. Gainera, aurten, bi lurraldeen arteko kultur lankidetza sustatzeko deialdi bana atera dute Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak.

Hortaz, hautatutako proiektu gehienak lan bisita haien ondorio dira. Programa abian den arren, datorren urtera begira egitaraua zabaltzea aurreikusi da, eta ostegun honetan aurkeztu direnak programaren baitako lehen egitasmoak dira.

EGITARAUA

Horrela, 'Binded Bodies' proiektuaren baitan, Flandriako eta Euskal Herriko kale arteen inguruko topaketa profesionala izan zen joan den maiatzean Flandriako Leuvenen eta Leioako Umore Azokan. Aurrera begira, astebete eta bi aste arteko lau sorkuntza egonaldi izango dira azaroan (euskal konpainiak Flandrian) eta 2024an zehar (Flandriar konpainiak Euskadin). Halaber, kale arteen programaren baitan, profesionalen arteko elkartrukea egingo dute datorren urtean.

Bestalde, Tabakalerak eta Anbereseko Morpho zentroak artisten egonaldirako deialdia jarri zuten abian, eta Euskal Herriko eta Flandriako artista bana aukeratu dituzte 2023an hiru hilabeteko egonaldia egiteko. Hautatutako euskal artista Gala Knörr izan da, 'Passion Social Club' proiektuagatik. Abuztuan ekingo dio Knörrek egonaldiari.

Halaber, Azkuna Zentroak 2022ko Flandria-Euskadi biran parte hartu ondoren, Lore Stessel artista flandriarrak Bilboko zentroa bisitatu zuen. Horren ondorioz, Stessel Azkuna Zentroko 2023-2025 artista AZ kide bihurtu da, eta 'Prototipoak 2025' Arte Forma Berrien Nazioarteko Bienalean erakutsiko den 'Baskenland' proiektu bisualarekin parte hartuko du.

Gainera, Azkuna Zentroa 'Bilbao Harbours for Arts & Culture' proiektua sustatzen ari da, Europako instituzio, kultur zentro eta jaialdiekin harreman eta lankidetza berriak sustatzeko eta daudenak indartzeko helburuarekin. Horren baitan, Anberesekin garatutako proiektua Etxepare Euskal Institutuak garatutako bi urteko truke kulturalaren baitan dago.

Bestalde, bi asteren buruan, LLS Paleis eta ANTespaciok truke artistikoa sustatuko duten proiektua jarriko dute abian: 'Antwerpen Bilbao: Itzulera guztiak!'. Taxio Ardanaz, Justine Grillet, Amaia Molinet, Leire Muñoz eta Rik Van Gorp artistek bakoitzaren obraren zentzuari bruuzko ekitaldia sortuko dute Anberesen eta Bilbon.

'Dance and Community' proiektuak, aldiz, Molenbeeken eta Errenteriaren arteko antzekotasuna du abiapuntu. Bi udalerriek dute zentro koreografikoa: Ultima Vez Molenbeek eta Dantzaz Errenterian. Haien metodologiak landu ostean, argitalpen bat egingo dute prozesu hauek eta lortutako emaitzak beste kultur eta gizarte erakundeekin partekatzeko.

Halaber, irailean hasi eta 2024ko udara arte garatuko den 'Vertical Visions' programari esker, dantza bertikaleko La Glo Zirko Dantza eta Cirkus in Beweging konpainiek lankidetza proiektu pedagogikoa eta ikerketa proiektua abiatuko dute. Guztiari amaiera emateko, proiektua jendaurrean aurkeztuko dute, zirkua, musika eta ilustrazioa uztartuko dituen ikuskizun batean.

MUSIKA

Bestalde, 'Crossing Voices' egitasmoak euskal eta flandriar musika garaikidea elkartuko ditu urritik azarora. Akartia Triok kooperazio proiektu bat garatu du Euskal Herriko eta Flandriako hainbat konpositorerekin batera, eta hortik abiatuta bi estreinaldi barne hartuko dituen kontzertu programa sortu da: bata Ward De Vleeschouwerrren konpositore flandiarraren eskutik, eta bestea Mikel Chamizo euskal konpositorearen eskutik.

Gainera, 'Korrontzi Dantzan in Flanders' proiektuak euskal eta flandriar musika eta dantza uztartuko ditu urte bukaeran. Korrontzi taldeak euskal musika eta dantza tradizionala eramango ditu Flandriara, eta Muziekcentru Dranouter zentroko dantzariekin koreografia berriak sortu eta bere ikuskizunean txertatuko ditu.

Halaber, 2024an garatuko diren proiektuen artean dago 'Flenbasque Chamber Music Exchange', musika garaikidea eta abangoardiako sorkuntza deskubritzeko aukera emango duena. Euskal Herriko eta Flandriako konpositoreek haien lanak aurkeztuko dituzte bestearen lurraldean. Proiektu honek, gainera, denboran zehar lankidetza egonkorra izateko esparrua ezarri eta bi lurraldeen arteko musika zirkuitu bat sortu nahi du.

Bestalde, 'Minority Languages and Translation Seminar' Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera antolatutako mintegia da, eta hizkuntza komunitate gutxituen kontrasterako eta ezagutza partekatzeko espazioa izango da. EHU Flandriako hainbat unibertsitaterekin lanean ari da egitasmoa 2024an zehar garatzeko.

Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren eta Bruselan egoitza duen YouYou Group ahots taldearen arteko lankidetza proiektua da 'YouYou & Irrintzia, ahots praktika tradizionalaren begirada berri bat', eta, ahozko ondarea berpiztu nahian, ahots eta sormen laborategiak, topaketak eta lantegiak izango dira, besteak beste.

Azkenik, 'Transpoesie' urtero Hizkuntzen eta Hizkuntza Aniztasunaren Europako Egunaren inguruan Bruselan egiten den literatur jaialdia da, eta 2023an Lizar Begoña idazle bizkaitarrak hartuko du parte.

KULTUR KONEXIOAK

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren nazioartekotzerako esanguratsutzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen, Euskadi-Basque Country estrategiarekin bat eginda. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu eta eremu kultural eta akademikoan harremana sustatzeko.

Lehenbiziko jomuga Eskozia izan zen, 2019an; Quebec etorri zen gero, 2021. eta 2022. urteetan, eta dagoeneko hasia da Flandriarekin 2024. urtera arte garatuko den programa.

Leer más acerca de: