Flandria-Euskadi programa bi lurraldeen arteko harremana aztertuko duen biltzar batekin amaituko da

Flandria-Euskadi programa bi lurraldeen arteko harremana aztertuko duen biltzar batekin amaituko da
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: lunes, 14 octubre 2024 13:25

DONOSTIA 14 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak 2023an eta 2024an antolatutako Flandria-Euskadi programa artearen eta Atlantikoaren bidez bi lurraldeen arteko harremana aztertuko duen 'Euskal Herria eta Flandria artean' biltzarrarekin bukatuko da. Lovainako Unibertsitate Katolikoaren lankidetzarekin antolatutako topaketa urriaren 17an eta 18an egingo da hiri horretan bertan.

Besteak beste, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Aintzane Erkizia biltzarraren koordinatzaile eta EHUko irakasleak aurkeztu dute topaketa astelehen honetan Donostiako Tabakaleran egindako prentsa agerraldian.

Prentsaurrekoan ekimenaren balantzea ere egin dute, nabarmenduz egitasmoak Flandriako eta Euskal Herriko artisten eta kultur eragileen arteko harremanak estutzeko aukera eman duela eta publikoari beren sorkuntzaren kalitateaz eta izaera berritzaileaz gozatzeko aukera eskaini diola diziplina anitzeko eskaintza zabal baten bidez.

Hain zuzen, Flandria-Euskadi programa 2023an hasi zenetik 43 ekintza egin dira guztira (jardunaldiak, egonaldi artistikoak, kontzertuak, emanaldiak, erakusketak, film proiekzioak hitzaldiak eta abar), 13 lankidetza proiekturen bidez egituratu direnak. Horien garapenean aritu dira 29 kolektibo, elkarte sektorial, kultur eragile eta erakunde, eta 100dik gora artista eta profesionalek hartu dute parte.

Programa hiru mailatan burutu den lankidetzari esker gauzatu da: Flandriako eta Euskal Herriko artista eta sortzaileen artean; kulturgintzako eragile eta erakundeen artean, besteak beste, Azkuna Zentroa, Tabakalera, Zirkozaurre edo Dantzagunea Euskal Herrian eta Morpho, LLS Paleis, M Museum edo Zirkuszentrum Flandrian; gobernuen arteko lankidetza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Flanders Arts Institute-ren bitartez.

Agerraldian nabarmendu dutenez, egitasmoa aurrera eramateak bi aldeetako eragileei ahalbidetu die "bestearen kultura eta sormen ehuna sakon ezagutzea, epe luzerako harreman baterako oinarriak sendotuz".

BILTZAR AKADEMIKOA

Bada, Flandria-Euskadi programa amaitzeko, Lovainako Unibertsitate Katolikoarekin elkarlanean antolatutako biltzar akademikoa egingo da urriaren 17an eta 18an Lovainako M Museum-en. 'Euskal Herria eta Flandria artean' izenburupean, biltzarrak bi lurraldeen arteko lotura sakona aztertuko du artearen bidez.

Aintzane Erkizia EHUko irakasle eta ikertzaileak koordinatu du ekitaldia, eta Flandriako eta Euskal Herriko arte historialariak, adituak eta artistak bilduko ditu "Atlantikoak lotzen dituen bi lurralde hauen nortasunean eta kultura-sisteman eragina izan duen kultur trukeak artean duen isla aztertzeko".

Agerraldian gogorarazi dutenez, Flandriaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak mendeak ditu eta, batez ere, itsasoaren bidez garatu da, ondasun, ideia eta pertsonen etengabeko fluxua ahalbidetuz. Mendeetan zehar, artelanek salgaiekin batera bidaiatu zuten, eta gaur egun, flandriar aztarna argi eta garbi ikus daiteke euskal artean. Ondare hori eztabaidagai izango da biltzarrean.

Halaber, biltzarrak azpimarratuko du nola kostaldeko biztanleek beste itsasbazter batzuetara zuzentzen dituzten begiradak, komunitate eta lotura kultural berriak eratuz. Artea objektu estetiko gisa ez ezik, kulturen eta lurraldeen arteko trukearen testigantza bizi gisa ulertzeko aukera eskainiko du ekitaldiak.

MEMORANDUMA

Flandria-Euskadi programa bi lurraldeetako gobernuen artean 2021ean sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren ondoren hasi zen mamitzen. Memorandumak kultura eta kultur eta sormen industriak jasotzen zituen bi aldeen arteko lankidetza eremuen artean.

2021ean eta 2022an, Etxepare Euskal Institutuak eta Flanders Arts Institute-k, Lehendakaritzarekin eta Flandriako Kantzilergoarekin eta Kultura Sailarekin lankidetzan, lan bisita bana antolatu zuten Euskadira eta Flandriara, bakoitzak bestearen kultur eta sormen ekosistemak eta erreferentziazko zentroak ezagutzeko.

Bisita horiei esker, sortzaileen eta kultur eragileen artean loturak egin eta konfiantzazko espazioak sortu ahal izan ziren, esperimentazioa eta ekimenaren bizkarrezurra izan diren proiektuen garatzea ahalbidetu zutenak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak hainbat deialdi jarri dituzte abian urteotan bi lurraldeen arteko kultur lankidetza sustatzeko.

Bi urteotan zehar argitara eman diren proiektu gehienak prozesu honen emaitza dira. Horrenbestez, 2023an eta 2024an esparru egonkor bat sortu da Flandriaren eta Euskadiren artean epe luzerako harremana eraikitzeko kultura, sorkuntza eta artearen alorrean.