BILBO 21 Dic. (EUROPA PRESS) -
Galtzagorri elkarteak 'Behinola' aldizkariaren 50. zenbakia argitaratu du, eta euskarazko haur eta gazte literatur aldizkaria sortu eta plazaratzen duela 25 urte betetzen direla ospatu du horrela.
Ospakizuna zenbakia bera dela jakinarazi dute Galtzagorri elkartetik, "haurrei eta gazteei hitza eta arkatza eman, eta aldizkaria goitik behera idatzi eta ilustratu" baitute. "Hain zuzen, haiei buruz hitz egiteari utzi diogu haiek mintza daitezen", adierazi dute.
Etorkizunaren gaia jarrita, 3 eta 17 urte artekoek liburuak gomendatu dituzte, gogoeta egin dute eta sormena praktikatu dute. Zenbakia "haurren eta gazteen unibertsoan sartzeko aukera paregabea" dela aurreratzen dute.
Era berean, ospakizunen barruan, Gasteizen asteburu honetan egiten ari den Mazoka ilustratzaileen azokan izango dira Galtzagorrikoak 'Behinola' aurkezten, eta Miriam Luki Albisua koordinatzailea igandean ariko da aldizkariaz, 12:30ean.
Gainera, festa antolatuko dute Donostiako San Telmo museoan 2025eko otsailaren 8an. Aldizkariaren 50. zenbakian parte hartu duten haurrak eta gazteak gonbidatzeaz gain, "25 urte hauetan guztietan gurekin kolaboratu duten ilustratzaileak, idazleak, argitaletxeak eta bestelako bitartekariak zein artistak" gonbidatuko dituzte.